Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena (Q15/576), Nafarroako Arartekoarena, Garapen Ekonomikorako Departamentuari, Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuari, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Tokiko Administrazioko Departamentuari eta Urdazubi/Urdaxeko Udalari gogorarazteko, beren eskumenen esparruan, eta, beharrezkoa izanez gero, elkarrekin koordinatuta, kexan adierazitako haitzuloak babesteko behar diren legezko neurri guztiak hartu behar dituztela, kultura-intereseko ondasunak edo babes arkeologikoko ondasunak diren aldetik, ingurumena (faunari zein ingurumen-balioak dituzten naturaguneei dagokienez) eta lurzoru urbanizaezina babesteko, udaleko hiri-plangintza betetzeko, eta Urdazubi/Urdax udalerriko biztanleei kezkarik ez sortzeko. Gainera, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Tokiko Administrazioko Departamentuari gogorarazten zaio Alkerdiko harrobiaren aldaketa-eskaerari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko legezko betebeharra duela.

2016 maiatza 30

Energia eta ingurumena

Gaia: Desacuerdo con la explotación de una cantera mediante voladoras en el municipio de Urdazubi-Urdax, cerca de un conjunto arqueológico, y por la falta de evaluación de la afección acorde con la intensidad, y medios aplicados en este tipo de actividad.

Ingurumena

Urdazubi/Urdaxeko alkatea

Alkate jaun hori:

____________________________

Kultura, Kirol eta Gazteria kontseilaria

Kontseilari andrea:

____________________________

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Tokiko Administrazioko kontseilaria

Kontseilari andrea:

____________________________

Lehen lehendakariordea eta Garapen Ekonomikoko kontseilaria

Kontseilari jauna:

  1. 2015eko azaroaren 3an, erakunde honek […] Plataformako kide den […] andrearen idazki bat jaso zuen, Urdazubi/Urdax udalerrian, Berroberria-Alkerdi-Zelaieta-Ikaburu II espeleologia-multzotik hurbil lehertze bidez harrobi bat ustiapenarekin, eta intentsitatearekiko egokia den erasanaren ebaluazio faltarekin eta mota horretako jardueretan aplikatutako bitartekoekin ados ez daudela adierazten duena.

    Idazki hartan, hauxe zioen:

    1. Alkerdiko marmol-harrobia Urdazubi/Urdax udalerriko izen bereko tokian dago kokatuta. Aire zabaleko meategi bat da, eta hartatik marmolezko blokeak atera izan dituzte 1965. urteaz geroztik, barruti horretan Nafarroako ondare arkeologiko zaharrena egonik (Alkerdi-Berroberriako espeleologia-multzoa eta Zelaieta I eta II aztarnategi arkeologikoak).
    2. 1984an, Industria Ministerioaren mendeko Meategien Zuzendaritza Nagusiak marmola meategi-baliabide gisa hogeita hamar urtez ustiatzeko eskubidea eman zion ustiategiari.
    3. 1995ean, Berroberriako haitzulo izeneko zona arkeologikoa Kultura Intereseko Ondasun (KIO) izendatu zuten, eta ehun metroko erradioko babes-ingurune bat ezarri zuten.
    4. 1999an, Urdazubi/Urdaxeko Hirigintza Plan Orokorra onartu zuten eta meategia ustiatzen duen enpresari jarduera araupetzeko eta legeztatzeko eskatu zioten. Araupetzeko prozesu haren baitan, ingurumen-inpaktuaren adierazpena sartu zen, Kultura Zuzendaritza Nagusia-Bianako Printzea Erakundearen 513/1999 Ebazpena, lehertzeak bertan behera uztea beharra eta sailkatutako jardueraren eta irekieraren baimen egokiak izatea berariaz adierazten zuena.
    5. Geroago, maiatzaren 28ko 1151/2012 Ebazpenaren bidez, Enpresa eta Berrikuntzako Zuzendaritza Orokorrak 21.300 kilogramo lehergailuko urteko kontsumoa zuen proiektu bat baimendu zuen, eta erauzketaren bolumena %500 handitzea. Proiektu hartan, ez zen kontuan hartu KIO arkeologiko bat zegoela, haren tramitazioan alde batera utzi ziren Ingurumen eta Kultura Departamentuak eta Urdazubi/Urdaxeko Udala eta soilik enpresa interesdunari jakinarazi zioten baimena.
    6. 2012, 2013 eta 2014an, bost leherketa egin zituzten, 9.000 kg lehergailu erabiliz; hori deigarria da 1991n eta 2011n erabilitako kopuruarekin alderatuta, orduan erabilitako lehergailuak soilik 3.000 kg-ra iritsi baitziren. 2012. urtean egindako lehertzeek ia erabat txikitu zuten Zelaieta II haitzuloa, ordura arte harrobiaren erauzketa mantso eta mailakatuak larriki erasandako aztarnategi arkeologikoa.
    7. Aldi berean, 2012an, meatzaritzako ustiapenaren emakida luzatzea eskatu zuten. 2012an aurkeztutako proiektuak aldaketa handiak zituen 1999koarekin alderatuta: 1) ustiategia urtean 10.000 metro kubiko ateratzetik urtean 68.000 metro kubiko ateratzera pasatzen zen; 2) 3.041 kilogramoko kargara arteko lehertzeak baimendu ziren, urtean zortzi egiteko erritmoan, eta 1999an baimendutako sisteman, berriz, baimendutako sistema indarkeriarik gabeko hari helikoidala eta hari diamantatua erabiliz materiala erauztekoa zen, eta ebaketa-abiadura txikiko zerra mekanikoak eta zulaketa osagarria ere erabiltzen zituen; eta 3) 1999ko proiektuak marmola erauztea soilik aurreikusten zuen, eta 2012koak eraikuntzarako agregakina ekoiztu eta saltzeko helburua ere bazuen, kareharria birrintzeko makina bat sartuz.
    8. Ingurumen Kalitateko Zerbitzuak, Meategien eta Energiaren Atalak hala eskatuta, proiektuaren aldaketa, ingurumenean zuen erasanaren ikuspegitik, garrantzitsua ez zela erabaki zuen, eta, hartara, 2012an aurkeztutako ustiapen-proiektuari ez zioten sailkatutako jardueraren baimena aldatu.

      Azkenik, Industria, Energia eta Berrikuntzako Zuzendari Orokorraren urriaren 10eko 901/2013 Ebazpenaren bidez, Alkerdi 3263 zenbakia duen emakida luzatzea erabaki zen.

    9. 2014ko uztailaren 15ean egin zen lehertzeak larriki eragin zion galeria-sareari; horren ondorioz, Zelaieta III haitzuloaren sarrera erori egin zen eta inguruko biztanleengan kezka sortu zuen, lehertze haren intentsitatea zela eta.
    10. Uztailaren 25eko 64/2014 Alkatearen Ebazpen bidez, Kultura Zuzendaritza Nagusia-Biana Printzea Erakundearen 513/1999 Ebazpenean ezarritakoa betez, bertan lehertzerik ez egiteko eskatu zitzaion enpresari.
    11. 2014ko abuztuaren 12an, Industriako Zuzendaritza Orokorrak behin-behinean debekatu zituen harrobian lehertzeak eta zulaketak, lehertzeen proiektu berri bat onartu arte, gutxienez.
    12. 2014ko irailean, Nafarroako Gobernuko Arkeologia Atalak ikuskaritza-bisita bat egin zuen Alkerdi-Berroberria eta Zelaieta haitzuloetara, eta ordura arte lehertzeek eragindako kalterik ez zuten hauteman.
    13. 2015eko urtarrilean, enpresak Kantabriako Unibertsitateak egindako bibrazioen txosten bat aurkeztu zuen, Meategien Atalak hala eskatuta. Txostenak zioen Alkerdi harrobiaren jarduera ez zela arriskutsua ondarea kontserbatzeko, betiere azterketan adierazitako distantziak eta kargak errespetatuz gero.

      Txosten hura Kultura Zuzendaritza Nagusia-Biana Printzea Erakundera igorri zen, eta hark, txosteneko ondorioek sortzen zituzten zalantzak ikusita, txosten berri bat prestatzeko eskatu zion Madrileko Universidad Politécnicako Petrología y Mineralogía de ETS de minaseko katedradun bati. Txosten berriak ezarri zuenez, eremuaren portaera sismikoaren ezagutzari buruzko egungo egoera kontuan hartuta, eta gaur arte egindako azterketak oinarri hartuta, ezin da inola ere bermatu lehertzeek ez diotela kalterik eragingo babestu beharreko ondasunari.

    14. 2015eko ekainean, Energia eta Meategi Zerbitzuak Kultura Zuzendaritza Nagusiak eskatutako txostenean adierazitakoa ezeztatu zuen, eta enpresa interesdunak eta Kantabriako Unibertsitateak aurkeztutako txostenen edukiak ontzat eman zituen. Horren haritik, ondorioztatu zen babestutako haitzuloetatik 100 metrora 27 kg-ko karga maximo eraginkor aplikagarrien leherketek ez dutela arriskuan jartzen haien integritatea eta beharrezkoa izango dela bibrazioak monitorizatzea eta haien emaitzak ebaluatzea.

      Ondoren, Industriako Zuzendaritza Orokorrak Kultura Zuzendaritza Orokorrari eskatu zion haren adostasuna enpresa interesdunak jarduerak lehertzeen bidez garatzeko aukera izan zezan, Kultura Zuzendaritza Nagusia-Bianako Printzea Erakundearen 513/1999 Ebazpenaren aldaketa egokiak eginez; Ebazpenak eskatzen du bertako lehertzeak bertan behera utzi behar direla eta sistema alternatibo bat erabili behar dela harriak erauzteko edo/eta txikitzeko.
      Azkenik, Kultura Zuzendaritza Orokorrak, 2015eko ekainaren 15eko idazki batean, adierazi zuen ez duela eskumenik Industria Zuzendaritza Orokorrak ateratako ondorio teknikoak zalantzan jartzeko.

    15. 2015eko abuztuan, Nafarroako Gobernuak lantalde bat eratzea erabaki zuen Alkerdiko espedientean inplikatutako alde guztiekin, ahalik azkarren konponbide onena aurkitzeko, legea betetzeaz gain, nahasitako interesak ahalik gehien asebetetzeko.
    16. 2015eko urrian, Nafarroako Gobernuak harrobiko lehertzeen debekua etetea erabaki zuen, meategiak eragindako eremu guzien erasana kontuan hartu gabe.

      Hori guztia ikusita, kexaren sustatzaileak eskatu zuen Nafarroako Arartekoak bitartekaritza-lana egin zezala Nafarroako Gobernuarekin, Nafarroako kultura-ondarearen, ingurumenaren, pertsonen osasunaren eta inguruaren garapen iraunkorraren alde jarduteko.

  2. Ondoren, erakunde honek Garapen Ekonomikoko Departamentura, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentura, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Tokiko Administrazioko Departamentura, eta Urdazubi/Urdaxeko Udalera jo zuen, gaiari buruzko informazioa jasotzeko.
  3. 2016ko otsailaren 22an, aipatutako Nafarroako Gobernuko hiru Departamentuek baterako txosten bat igorri zuten, eta hori helarazten diogu kexa aurkeztu zuenari.
  4. 2016ko maiatzaren 17an, Urdazubi/Urdaxeko Udalak txosten bat igorri zion, eta hura ere kexa aurkeztu zuenari helarazi diogu.
  5. Agerian geratu denez, Urdazubi/Urdax udalerrian Berroberria-Alkerdi-Zelaieta-Ikaburu II espeleologia-multzotik hurbil kokatutako zeru zabaleko meategi batekin lotuta dago kexa.

    Zehazki, hau da kexaren arrazoia:

    1. Zeru zabaleko marmol-meategiak kultura-ondareari (haitzuloak), ingurumenari (naturaguneak eta espezie babestuak) eta biztanleei erasaten dio.
    2. Industria-gaietan eskuduna den Departamentuak aztergai dugun ustiategian lehertzeak egiteko emandako baimena, eta bertan dauden baliabideak intentsitate handiagoz ustiatzea. Kexaren egilearen arabera, baimen hura emateko ez zen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio berririk egin, ez ziren kontuan hartu jarduerak ondare arkeologikoan eta tokiko faunan sor ditzakeen ondorioak, eta ondare arkeologikoaren ikuspegitik eska daitekeena ere ez zen kontuan hartu.
  6. Garapen Ekonomikoko Departamentuak, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Tokiko Administrazioko Departamentuak igorritako erantzun-txostenean, erakunde honi jakinarazi zitzaizkion, laburbilduta, kexa-idazkian planteatutako gaiekiko interesgarriak diren berritasun hauek:
    1. Lehena. Garapen Ekonomikoko Departamentuak ez du oraindik onartu aurkeztutako lehertzeen azken proiektua, eta ez du adostu zulaketa- eta lehertze-lanen etetea bertan behera uztea ere.

      Horren haritik, Departamentuak adierazi du baduela Energia eta Meategi Atalaren dagokion txosten teknikoa, proiektua baldintza jakin batzuetan onartzeko aukera emango lukeena, baina oraindik ez duela onartu; izan ere, meatzaritzako agintaritzaren jarduerari eta enpresaren posizioari segurtasun juridiko handiagoa emateko, egokia da prozesuan parte hartu duten eragileek sortutako gaiak aztertzeko, eta, hartara, Industria, Energia eta Berrikuntzako Zuzendari Orokorraren urriaren 10eko 901/2013 Ebazpena erabateko deuseztasunean dagoen jakiteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 62. artikuluaren 1.e) atalean aurreikusita dagoena. Horretarako, Departamentuak adierazi zuen urriaren 10eko 901/2013 Ebazpena ofizioz berrikusteko prozesura abiaraziko zuela.

    2. Bigarrena. Energia, Meategi eta Segurtasun Industrialeko Zerbitzuak ulertu zuen ez zela aplikagarria erauzketa-industrien hondakinak kudeatu eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta birgaitzeari buruzko 975/2009 Errege Dekretuaren 6.2 artikuluan ezarritakoa, Ingurumen Kalitateko Zerbitzuak ulertu zuelako ustiategirako indarrean zegoen ingurumen-txostena luzatu egin zela proiektu berrirako, aldaketa handirik gabe, eta hartan ordurako eginda zegoen berrikuntza-planean sartutako ingurumen-inpaktuaren azterketaren jendaurreko informazioko prozedura. Beraz, ez zen beharrezkotzat hartu enpresak berritze-planaren baitan aurkeztutako hondakinen kudeaketa-planari informazio eta partaidetza publikoa egin beharra.
    3. Hirugarrena. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Tokiko Administrazioko Departamentuaren iritziz, une honetan, aurrez egindakoaren aldaketa-erabaki bat egitea, 2012an aurkeztutako proiektua aurrez baimendutako jardueraren funtsezko aldaketa gisa kalifikatuz. Horregatik, uste du abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onartutako martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko eta gauzatzeko Erregelamenduaren 74. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako betez jardun behar dela.
    4. Laugarrena. Gaian eskuduna den Departamentuak emandako erantzunean erantsitako Kultura Zuzendaritza Nagusia-Biana Printzea Erakundearen 2015eko azaroaren 24ko txostenean adierazten da arkeologoen irizpidearen arabera egiteke dauden azterketei dagokienez (sistema karstikoaren azterketa espeleologikoa eta egonkortasun geologikoaren, inplubioaren eta ur-jitoaren azterketak, haitzuloen babes-inguruneak zehazteko), Meategien eta Energiaren Atalaren irizpidearen arabera, eremua karstikoa izateak eragiten duela lehertzeek eragindako bibrazioak ez direla hedatzen lurzorua hautsita edo kraskatuta dagoen edo zuloak dituen tokietatik harago, haiek bibrazioekiko suebaki gisa jarduten dutelako, bibrazioak moteltzen dituztenez. Horregatik, aipatutako txostenean ondorioztatzen da arkeologoek proposatutako azterketa horiek egingo direla Industria, Energia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Orokorrak ezinbestekotzat jotzen baditu kultura-ondare arkeologikoa bermatzeko; eta, beraz, balioespen hori egiten ez den artean, ondorioztatzen da gaur egun etenda dauden lehertzeak baimentzea ez dela egokia.
  7. Bestalde, Urdazubi/Urdaxeko Udalak igorritako txosten teknikoan kontsiderazio interesgarri hauek egin dira:
    1. Lehena. Alkerdi, Berroberria espeleologia-multzoa eta Zelaieta I eta II aztarnategi arkeologikoa babesteko hirigintza-erregimena 1999ko uztailean behin betiko onartutako Urdazubi/Urdaxeko Udal Plangintzako araudiaren 28. eta 31. artikuluetan ezarritakoa da. 1988an abiarazi zen Berroberria-Alkerdi espeleologia-multzoa Kultura Intereseko Ondasun deklaratzeko tramitazioa; baina, ez zenez burutu, Kultura Intereseko Ondasun deklaratzea Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen ondorio zuzena da, haitzulo horietan labar-pinturak daudelako.
    2. Bigarrena. Udal Plangintzak lurzoru urbanizaezin generiko gisa ezartzen du Harrobiak, planoaren O.1 mugaketa-Lurzoru urbanizaezinen kategoriak. Dena den, harrobia ez dator bat mugaketa horrekin, eta, beraz, 2003ko irekiera-baimena kontuan hartuta, harrobiaren zati bat lurzoru urbanizaezin generikoan baimenduta dagoela ikusten da, eta beste zati bat, berriz, produktibitate ertaineko lurzoruan dago, azken horretarako berariazko baimenik izan gabe.
    3. Hirugarrena. Harrobiak bibrazioak sortzen dituzten metodoak erabili ditu; adibidez, lehertzeak (2014ko uztailetik etenda daude). Gainera, mailuak eta birrintzeko planta mugikor bat ere erabiltzen ditu, eta horiek ez dira agertzen 2003ko abuztuaren 20an irekiera-baimena jaso zuen proiektuan.
    4. Laugarrena. Harrobiaren ustiaketa ez da sartu Alkerdiko eta Berroberriako haitzuloetan. Hala ere, badirudi eremuko lurpean haitzulo horiek elkarrekin lotuta daudela eta Zelaieta izeneko ahoak lotura zuzena duela haitzulo horiekin, eta, beraz, Alkerdiren eta Berroberriaren inguruak eraginda egongo lirateke. Horren haritik, kultura-gaietan eskuduna den Departamentuak Alkerdi eta Berroberriako haitzuloen arkeologia-multzoaren azterketa eskatu duela adierazi behar da.
    5. Bosgarrena. Ez dago zehaztuta harrobiaren erauzketa-fronte bat Alkerdi, Berroberria, Zelaieta I eta Zelaieta II haitzuloekiko, proiektuan aurreikusitako fronteak ez direlako bete.
    6. Seigarrena. Zelaieta II ahoaren ondoan kokatutako zona bat baimenik gabe eraldatu da, jarduera hauek eginda:
      • 1.714 metro koadro inguruko azalera batean landaredia moztu da.
      • Gutxi gorabehera 81 metro luze eta 3 metro zabal den bide bat ireki da.
      • Sakonune batean betetze-lan bat egin da, eta Zelaieta II haitzuloaren aho bat izan liteke.
    7. Zazpigarrena. 2014ko uztaileko lehertzearen ondoren eta harrobian egindako lanen ondoren, Zelaieta III haitzuloaren aurretik pasatzen zen bidexka suntsitu da eta sarrera arrakalatuta geratu da. Jarduera-baimena jaso zuen Payer proiektuaren oin-planoen eta profilen arabera, 15 urteko fasean ustiatze-fronteek eta hondakindegiak ez zioten inoiz ere eragin behar haitzuloari.
  8. Aurreko guztiagatik ondorioztatzen denez, kexa eragin zuen zeru zabaleko meategia Urdazubi/Urdax udalerrian dago, Berroberria-Alkerdi-Zelaieta-Ikaburu II espeleologia-multzotik hurbil.

    Alkerdi eta Berroberria haitzuloen barruan paleolitiko labar-artearen zenbait lagin daude. Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 40.2 artikuluan ezarritakoa betez, eta Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoa betez, haitzulo horiek Kultura Intereseko Ondare deklaratu zituzten legearen aplikazioz, babes-kategoria hori honako hauek zuzenean lortzen dutelako: a) Labar-artearen adierazpenak dituzten haitzulo, babesgune eta lekuek, bai eta adierazpen megalitiko prehistorikoek ere.

    Bestalde, Zelaieta I eta II haitzuloak udaleko hirigintza-planak babesten ditu; izan ere, lurzoru generikoko Aztarnategi Arkeologikoen arauketan sartuta daude, Ingurumeneko, Lurraldearen Antolakuntzako eta Etxebizitzako kontseilariaren ekainaren 8ko 691/1999 Foru Aginduaren bidez onartutako Urdazubi/Urdaxeko Udal Planeko lurzoru urbanizaezinaren erregimeneko 31. artikuluak arautzen duena betez. 31. artikulu horrek babes-erregimen hau ezartzen du Zelaieta I eta Zelaieta II izeneko haitzuloetarako: Erauzketa eta prospekzio arkeologikoak baimendu daitezke. Gainerako jarduerak debekatuta daude.
    Gainera, Urdazubi/Urdaxeko aipatutako Hirigintza Planaren 28. artikuluak, lurzoru urbanizaezinaren erregimenari buruzkoak, harrobiei dagokien lurzoru generikoa arautzen du, honela:

    1. “Kategoria hori planoetan mugatutako harrobiek hartutako lursailek […] Marmol lanen lan-sistemek eta […] Marmol Harrobiek hartzen dituzte.
    2. Urdazubi-Urdax harrobien zonak bere baitan hartzen du Berroberria-Alkerdi espeleologia-multzoa. Alkerdiko haitzuloan grabatuak egoteak araudi honen 32. artikuluan araututako kultura-intereseko ondare deklaratzea ekarri du (Espainiako Ondare Historikoaren ekainaren 25eko 16/1985 Legea).

      Berroberriako haitzuloek aztarnategi prehistoriko geruzatu garrantzitsu bat osatzen dute.

    3. Babes-erregimena.
      • Nafarroako Gobernuaren 1996ko martxoaren 18ko akordioaren arabera, harrobia ustiatzen jarraitzeko baimena emango da, betiere bibrazio gutxien eragiten duten ustiapen-bitartekoak erabiltzen badira eta aipatutako haitzuloetan ez sartzeko berme egokiak aurreikusten badira.
      • Marmol-harrobiak Alkerdi eta Berroberria haitzuloei ez eragiteko moduan ustiatu behar dira, materiala ustiatzea aztarnategi prehistorikoaren eta grabatuen kontserbazioarekin uztartuz.
      • Lan-planaren baitan sartu behar dira ustiapen-fronteek Alkerdi eta Berroberria haitzuloekiko kokapenari buruzko datuak, eta horren kopia bat Urdazubi-Urdaxeko Udalean aurkeztuko da.
        Harrobiaren ustiapen-frontearen gehieneko distantziak Berroberria, Alkerdi eta Zelaieta I eta II haitzuloekiko 50 m-koa izan behar duela ezartzen da.

        Ustiapenerako karga puntualak erabiliz gero, ezingo dute 2 kg-tik gorakoak izan Berroberria eta Alkerdi haitzuloen 500 m-ko erradio batean.

        (…).

    4. Udalaren baimena beharko da jarduera hauek egiteko:
      • Harrobien jardueretan aplikagarriak diren gainerako araudietan ezarritakoa alde batera utzi gabe, Nafarroako Gobernuak, hala ezarritako kasuetan, dagokion baimena izapidetu ondoren, honako jarduera hauetarako beharko da udalaren baimena:
      • Hondakindegi berriak egiteko.
      • Dekantazio-putzuak eraikitzeko.
      • Ubideetatik kondukzioak eraikitzeko.
      • Pistak eta bideak zabaltzeko.
      • Energia elektrikoa transformatzeko zentroak eraikitzeko.
      • Erregaien deposituak eraikitzeko.
      • Lurrak mugituz gainazala handitzeko, maniobrak errazteko.
      • Edozein eraikin-mota eraikitzeko.
      • Itxiturak egiteko.
    5. Indarrean dagoen legeriak Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioa egitera behartzen ez dituen lurzoru urbanizaezinei buruzko planen edo proiektuen dokumentazioak uztailaren 19ko 229/1993 Foru Dekretuak ezarritako edukia duen Ingurumenaren gaineko Eraginen Ikerketa jaso behar du bere baitan, Nafarroako Gobernuak baimena izapidetzeko, edo, udal-lizentzia lortzeko, hala badagokio.

      (…).”

  9. Hirigintzako teknikariek egindako eta Urdazubi/Urdaxeko Udalak igorritako txostenaren arabera, meategia kudeatzen duen enpresak Hirigintzako Udal Planean ezarritakoaren aurkakoak diren zenbait jarduera egin ditu. Adibidez, lehertze gehiegi egin ditu; batik bat, 2014ko uztailaren 15ekoa, Zelaieta III haitzuloaren sarrera kaltetu zuena; harrobiaren zati bat produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezinean sartu da, dagokion hirigintza-baimena eta aginduzko udal-lizentzia izan gabe; baimendutako proiektuan aurreikusitako fronteak ez dira bete, eta, horren ondorioz, ustiapen-frontea ez dago zehaztuta gaur egun; Zelaieta II haitzuloaren ondoko lurzoru urbanizaezineko zona bat lizentziarik gabe eta hirigintza-baimenik gabe eraldatu da, landaredia moztuz; bide bat ireki dute lizentziarik eta hirigintza-baimenik gabe; eta sakonune bat bete dute, Zelaieta II haitzuloaren aho bat izan daitekeena.
  10. Erakunde honen iritziz egokia da gogoraraztea zentzuzkoa dela eta jurisprudentziak ebatzi duela meatzaritza-aprobetxamenduen gaietako arloko araudia betetzeak ez duela esan nahi aplikagarriak diren gainerako araudiak ez direla aintzat hartu behar, eta are gutxiago komunitateko ondasun eta balio jakin batzuk babesten dituztenak; adibidez, hirigintza-araudia, ingurumen-araudia, kultura- eta arkeologia-ondarearen kontserbazioa, eta abar.

    Horren haritik, Auzitegi Gorenak, 2013ko uztailaren 5eko 3987/2013 epaia oinarri hartuta, hau adierazi du:

    Egiaz, mineralen aztarnategiak eta baliabide geologikoak ustiatzeko baimen bat edo emakida bat emateko, ez dira kontuan hartzen jarduera garatzeko beharrezkoak izan daitezkeen beste baimen eta lizentzia batzuk; adibidez, hirigintza-baimena. Beste modu batean esanda, meatzaritzako baimena edo emakida lortzeko ez da alde batera uzten dagozkien arloetako arauek ezartzen dituzten baimenak edo lizentziak lortzeko beharra. Hori da Meatzaritzako Erregimenaren Erregelamendu Orokorraren 2.3 artikuluaren aurreikuspenaren zentzu orokorra. Egiaz, garatu beharreko jarduera bati buruzko zenbait Herri Administrazioren, edo haien barruko zenbait organo administratiboren, baimenak edo lizentziak biltzeak nork bere arloko eremuari dagokion erregimen juridikoa aplikatzea eskatzen du, erregimen bakoitzak bere printzipioak, xede konkretuak eta berariazko interes publikoa izanik, bai eta haren tutoretza ere. Beraz, beharrezko baimena edo lizentzia emango da, horri dagokion esfera sektorialean legez edo erregelamendu bidez ezarritako aurreikuspenak bat badatoz. Horren haritik, meatzaritzako baimena eta udal-lizentzia bat etortzeari dagokionez, hau adierazi dugu: <<jarduera bat egiteko zenbait entitate edo organismo administratiboren baimenak bat etortzea beharrezkoa bada, bakoitzak bere eskumen pribatibo eta espezifikoak izanik, hurrenez hurren babesten dituzten interes publikoko helburuen arabera, eta baimen horiek independentziaz tramitatzen eta ematen direla, ezinbestekoa da haiek guztiak bat etortzea jarduera legez garatu ahal izateko, eta entitate edo organo bakoitzaren betebeharra da dagokion eskakizuna betetzen dela zaintzea; beraz, zenbait kasutan (epai hartan epaitzen zenean, esate baterako), batetik, Industria eta Energia Ministerioko organoen eskumena, meatzaritzako emakida emateko hura baldintzatzen duten aurreikuspenak betetzen direnean, eta, bestetik, organo administratiboek dagozkien lizentziak emateko duten eskumena, lurzorua plangintzan aurreikusitako helburutik ez urruntzeko dagozkion lizentziak emateko, bat etor daitezkeenean, beharrezkoa da bi baimenak edo lizentziak lortzea, jarduera baliozkoa izan dadin; eta, horietako bat lortuko ez balitz, aipatutako erakunde edo organoetako edozeinek jarduera eteteko ahala erabiliko luke, Meategien Legearen 116. artikuluan Industria Ministerioaren alde aurreikusitako aukera Administrazio Zentralaren esferan, eta Lurzoruari buruzko Legearen 184. artikuluan hirigintza-agintaritzaren alde, Lege horretako 178. artikuluan zerrendatutako lurzoruaren erabileraren egintzak eta haien artean onibarren erabilera antolamenduaren aurkakoak direnean; (...); edo, azkenik, Auzitegi Gorenaren epaia, 1986ko ekainaren 4koa, Industria Ministerioaren organoen eta hondarra erauzteko bideragarritasunari buruzko tokiko erakunde baten eskumenen lehiari buruz 1974ko abenduaren 4ko eta 1978ko uztailaren 12ko Auzitegi Gorenaren epaiak gogora ekartzen dituena; epai haien arabera, udal-lizentzia behar izateak ez du esan nahi estatuko beste batzuk eskatu ezin zaizkionik, ez eta haiek aurrekoak ordezkatzen edo ordezten dituztenik ere; horrek zehazten du partekatutako eta baterako eskumenak dituzten balizko ugarietako bat eta 1977ko urriaren 6koa, 1978ko abenduaren 5ekoa eta 1979ko apirilaren 18koa, zeinetan berresten den Industria Ministerioari soilik dagokiola aztertzea industriak industriako arauak betetzen dituen edo ez, bestelako arrazoiengatik dagokion instalazioa egin daitekeen edo ez aurrez epaitu gabe inola ere. Beraz, baimena ematen denean, ez da kontuan hartzen baimena ematea beste erakunde bati dagokion edo ez, eta, hian zuzen ere, udal-agintaritzari dagokion >> ( STS de 18 de marzo de 1999ko martxoaren 18ko Auzitegi Gorenaren epaia, 6407/1991 apelazio-errekurtsoan emana).

    Horrenbestez, kexak adierazten duen marmol-harrobia legea betez ustiatu ahal izateko, ez da aski industria-agintaritzaren baimena edo meategi-gaietan eskuduna den agintaritzaren baimena izatea. Horrez gain, hirigintza-arloko legeak bete behar ditu, udaleko hirigintza-planean (Nafarroako Gobernuak berak onartutako udal-arau bat da) bilduak, ingurumen-legeak (horien baitan daude aztarnategi arkeologikoak eta labar-pinturak) eta hiritarren segurtasuneko legeak (biztanleak egintza edo gabezia jakin batzuetatik babesten dituztenak).

  11. Hasteko, erakunde hau ohartu da, alde batetik, badagoela Alkerdi eta Berroberria haitzuloen lege-babeseko erregimen bat, Kultura Intereseko Ondare garrantzitsutzat hartzen dituena, eta, bestetik, badagoela Zelaieta I eta II haitzuloak babesteko erregimen bat, Urdazubi/Urdaxeko Udal Planean bildutako xedapen konkretuetatik eratorriak.

    Haitzuloen ondoan dagoen meategia ustiatzen duen enpresak eta 1999an baimendutako meatzaritza-jarduera handitzeko edo aldatzeko baimenak emateko eskumena duten Administrazioek kontuan izan behar dituzte kultura- eta hirigintza-araudi horiek; kasu honetan, Garapen Ekonomikoko Departamentuak eta kulturan eta ingurumenean eskudunak diren Departamentuek.

    Kexaren kasu konkretuari dagokionez, haitzuloetatik hurbil harrobi bat egoteak edozein motatako lehertzeak etetea eragin zuen, hain zuzen ere, eta metodo hori harriak erauzteko eta txikitzeko beste sistema batez ordezkatzea.

    Etete hori administrazio kulturaleko organo eskudunak erabaki zuen, Kultura Zuzendaritza Nagusia-Biana Printzea Erakundearen azaroaren 5eko 513/1999 Ebazpenaren bidez, Urdazubi/Urdaxeko udalerriko Alkerdi harrobia handitzeko baimena eman zuzenaren bidez. Aztarnategi arkeologikoak babesteko administrazioaren baimenak berariaz baldintzatu zuen harrobia handitzea: Berroberria eta Alkerdiko aztarnategiak babesteko neurriak bete behar zituzten; eta, hala jaso zen berariaz, agindu argi gisa, lehertzeak bertan behera utzi behar direla eta harriak erauzteko edo/eta txikitzeko sistema alternatibo bat soilik erabil daitekeela.

    Debeku hori ezartzeko, Ebazpenaren azalpenezko zatian 1999 aipatu zen, eta magnitude txikiagoko harria erauzteko sistemari dagokionez, handik hurbil Kultura Intereseko Ondasun bat zegoela. Beraz, harrobi txikiago baten aurrean, organo eskudunak lehertzeak debekatzea eta erauzketa-metodo ez hain erasokorrak aplikatzea erabaki zuen. Hala ere, duela hilabete gutxi, 2015eko azaroaren 24ko txosten batean (ebazpen administratibo bat ez dena, jakina) ondorioztatu zen Garapen Ekonomikoko Departamentuaren esku utzi dela eremu horretan dauden haitzuloetan lehertzeak baimentzeak zer eragin izango lukeen aztertzeko arkeologoek proposatutako azterketak egiteko beharra balioestea.

    Erakunde honen ustez, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren azken erabaki hori ez da bateragarria Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 35. artikulutik 41. artikulura arte ezarritakoarekin. Foru Lege horrek kultura-gaietan eskuduna den Departamentuari egozten dio Kultura Intereseko Ondasun higiezinetan eta haien inguruetan egin nahi den edozein esku-hartze aurrez baimentzeko uko egin ezinezko eskumena eta haiek babesteko beharrezko neurriak hartzea, eta, beraz, erabaki edo funtzio hori ezin da beste departamentu batzuetara bideratu.

  12. Ingurumen-gaiei dagokienez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Tokiko Administrazioko Departamentuak, kexari erantzuteko idazkian, onartzen du 2012an aurkeztutako proiektua aurrez baimendutako jardueraren funtsezko aldaketa dela, eta, horrenbestez, sailkatutako jardueraren lizentzia emateko prozedura izapidetu behar da, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko eta gauzatzeko Erregelamenduaren 74. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa betez.

    Erakunde honen ustez, 2012an planteatutako aldaketak, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan ezarritakoa betez, ingurumen-gaietan eskuduna den Departamentuak aldaketa funtsezkotzat jotzen badu, aldaketa horri ere ingurumen-inpaktuko aginduzko ebaluazioa egin behar zaio, zeru zabaleko meatzaritzako erauzketa-proiektuen ebaluazioarekin lotutako abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren Eranskinetan ezarritakoak hala eskatzen duelako. Horregatik, aipatutako Departamentuari gogorarazi behar zaio ingurumen-inpaktuaren ebaluazio hori sustatzeko legezko betebeharra duela.

    Erakunde honen iritziz, ebaluazio hori are beharrezkoagoa da, kexa egin duen elkarteak adierazten duen moduan 1999an orduan proiektatuta zegoen harrobiaren ebaluazioa egin zelako, eta orduan onartutako ingurumen-inpaktuaren adierazpenean, marmola erauzteko sistema ebaketa bidezko erauzketako teknika erabiltzea zela zioen, eta lehergailuen erabilerari buruzko erreferentzia gutxi ageri dira. Hala ere, 2012an planteatutako aldaketaren ondoren, 2012-2014 aldian, azken hogei urteetan (1991-2011 aldia) erabilitako lehergailuen kopurua hirukoiztu egin zen, espedienteari erantsitako Energia eta Meatzaritza Ataleko teknikari batek egindako txosten batean agertzen den moduan. Hain zuzen ere, 2012, 2013 eta 2014an, 9.000 kg lehergailu erabili ziren; hori deigarria da 1991n eta 2011n erabilitako kopuruarekin alderatuta, orduan erabilitako lehergailuak soilik 3.000 kg-ra iritsi baitziren. Magnitudeen alde garrantzitsu horrek eta natura-ingurunean lehergailuak erabiltzeak ingurumen-inpaktuaren aginduzko ebaluazioa izapidetzera behartzen dute, eta are gehiago, kultura- eta ingurumen-balioengatik babestuta dauden haitzuloak hurbil izateagatik.

    Nabarmentzekoa da, halaber, jatorrizkoarekiko aldaketa –eta, azken batean, orain garatu nahi den harrobiaren jarduera, jatorrizkoaren oso bestelakoa dena– Orabidea errekatik eta Axuriko Zohikaztegietatik hurbil planteatzen da, Batasuneko Garrantzizko Leku eta Kontserbazio Bereziko Eremu izendatuetatik, ekainaren 11ko 48/2014 Foru Dekretuaren bidez.

    Gainera, jarduera garatzen den eremuan edo inguruetan, mehatxatutako eta babestutako saguzarrak daude, bai eta bisoi europar batzuk ere, galzoriko espeziea dena. Bi espezie horiek Habitat naturalak eta flora eta fauna basatiak nola kontserbatu arautzen duen Europako Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/42/EEE Zuzentarauak babestutako espezieak dira.

    Aurreko guztiagatik, erakunde honek ondorioztatzen du 2012an aurkeztutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio berri bat egin behar dela, sailkatutako jarduerari dagokion lizentzia izapidetzean.

  13. Urdazubi/Urdaxeko biztanleen segurtasunari dagokionez, 2014ko uztailaren 15ean herri horretan harrobiaren ustiapenarekin lotutako leherketa batean izandako esperientzia eta kezkaren ondoren, Alkatetzak esku hartu zuela eta enpresa ustiatzaileari leherketa gehiago ez egiteko eskatu ziola kontuan hartuta, erakunde honen ustez ezinbestekoa da gogoraraztea harrobi horretan erauzketa-metodo gisa lehergailuak erabiltzea berariaz debekatu zuela kultura-administrazioko organo eskudunak, aldatu ez den ebazpen administratibo baten bidez. Debekua tamaina eta jarduera txikiagoko harrobi baterako adostu zenez, deigarria da orain harrobiaren luzapenean lehergailuak erabiltzea jarduera biziagoa izanik eta ingurune fisikoari gehiago erasanez.

    Gainera, udaleko hirigintza-planak –antolamendu juridikoaren arau osagarri bat, herritarrak eta herri-botere guztiak lotzen dituena– ere baditu enpresak errespetatu behar dituen ibilgailuen erabileraren mugak.

    Beraz, organo eskudunak debekua aldatzen ez duen artean, eta, dena dela, hirigintza-plana errespetatzen ez den artean, ezingo da leherketarik egin.

  14. Azkenik, erakunde honek Urdazubi/Urdaxeko Udalaren kezka nabarmendu nahi du, enpresa hirigintza-planaren urratzen ari oten den uste duelako.

    Enpresak agian kultura- eta ingurumen-ondarea babesteko legea ez duela betetzen ere jakinarazten du.

    Horregatik, beharrezkotzat jo da Garapen Ekonomikoko Departamentuari (meatzaritza-gaietan eta zeru zabaleko ustiapenetarako baimenen administrazio eskuduna den aldetik), Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuari (babestutako haitzuloak ez hondatzea bermatu behar duen administrazio eskuduna den aldetik), Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Tokiko Administrazioko Departamentuari (ingurumena, fauna eta naturaguneak babesteko administrazio eskuduna den aldetik), eta Urdazubi/Urdaxeko Udalari (hirigintzako legeak eta hirigintza-plana betetzen direna bermatzeko administrazio eskuduna den aldetik) gogoraraztea, beren eskumenen esparruan, kexan adierazitako haitzuloak babesteko behar diren legezko neurri guztiak hartu behar dituztela, ingurumena (faunari zein ingurumen-balioak dituzten naturaguneei dagokienez) eta lurzoru urbanizaezina babesteko, eta udaleko hirigintza-plana betetzeko, eta Urdazubi/Urdax udalerriko biztanleei kezkarik ez sortzeko.

  15. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak beharrezkotzat jo du:
    1. Garapen Ekonomikorako Departamentuari, Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuari, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Tokiko Administrazioko Departamentuari eta Urdazubi/Urdaxeko Udalari gogoraraztea, beren eskumenen esparruan, eta, beharrezkoa izanez gero, elkarrekin koordinatuta, kexan adierazitako haitzuloak babesteko behar diren legezko neurri guztiak hartu behar dituztela, kultura-intereseko ondasunak edo babes arkeologikoko ondasunak diren aldetik, ingurumena (faunari zein ingurumen-balioak dituzten naturaguneei dagokienez) eta lurzoru urbanizaezina babesteko, udaleko hiri-plangintza betetzeko, eta Urdazubi/Urdax udalerriko biztanleei kezkarik ez sortzeko.
    2. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Tokiko Administrazioko Departamentuari gogoraraztea Alkerdiko harrobiaren aldaketa-eskaerari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko legezko betebeharra duela.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikulua betez, egokia da Garapen Ekonomikoko Departamentuak, Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Tokiko Administrazioko Departamentuak, eta Urdazubi/Urdaxeko Udalak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez bi hilabeteko epean, legezko betebeharren gogorarazpen hauek onartzen dituzten, eta hala bada, gogorarazpenak betetzeko zer neurri hartu dituzten.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, dagokion administrazio publikoak arartekoaren legezko betebeharren gogorarazpenak onartzen ez baditu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2016. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea