nabigazioa salto egin

  1. Hasierara joan
  2. Ebazpenak
  3. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren Ebazp...

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren Ebazpena (Q20/686) Herritarrekiko Harremanetako Departamentuari gomendatzen diona Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren egoitza izango den eraikinaren errotulazioan arauz ezarritako izen elebiduna erabiltzea.

2020 Uztaila 22

Euskera

Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria

Kontseilari andrea:

  1. Erakunde honek, 2020ko ekainaren 23an, […] jaunaren idazki bat jaso zuen. Idazki horren bidez, kexa bat aurkeztu zion Herritarrekiko Harremanetako Departamentuari, Euskarabidearen errotulua euskaraz bakarrik idatzita zegoelako.
    Idazki horretan, hauxe adierazi zuen:
    a. Paulino Caballero kaleko 15. zenbakiko eraikin ofizialean Euskarabidea errotulua euskara hutsean dago.
    b. Herritar guztien ekarpenekin prestatu ahal izan den zentroa da eta, horregatik, itzulpena ere jarri beharko litzateke erdaldunek ulertzeko moduan.
  2. Ondoren, erakunde honek Herritarrekiko Harremanetako Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

    Jasotako txostenean, hauxe adierazten da:

    “Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoak irailaren 10eko 183/2007 Foru Dekretuan izan zuen jatorria, euskara berreskuratu, sustatu eta garatzeko giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak modu positibo eta integratzailean kudeatzeko xedez.

    Dekretu horren bidez Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoa sortu zen, eta maiatzaren 26ko 55/2008 Foru Dekretuarekin Euskarabidea/ Euskararen Nafar Institutua izena hartu zuen.

    Kexan aipatutako erakunde autonomoaren izen ofiziala azaroaren 6ko 303/2019 Foru Dekretuan jasota dago. Foru Dekretu horren bidez onartu ziren Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren Estatutuak.

    Dekretu horretan, erakundearen izena honela idatzita geratu zen:

    Gaztelaniaz: Euskarabidea-Instituto Navarro del Euskera.

    Euskaraz: Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua.

    Orain arte jarri den errotulu bakarra erakundearen izena da, Euskarabidea, bi hizkuntzetan partekatutako izen ofiziala.

    Eraikineko lanak duela gutxi amaitu dira eta gaur egun itxita dago jendearentzat. Altzariak instalatu eta organismoa osatzen duten unitate organikoak non kokatu erabaki ondoren, barruko eta kanpoko errotulazioa eskatuko da, indarreko araudia betez”.

  3. Adierazi den bezala, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eraikin batean errotulu bat euskara hutsez jarri delako aurkeztu da kexa.

    Kexaren aurkezleak adierazi duenez, Iruñeko Paulino Caballero kaleko 15 zenbakiko eraikinean errotulu bat jarri da, eta bertan adierazten da hor dagoela Euskarabidea, erakunde autonomo horren izena gaztelaniaz adierazi gabe.

    Herritarrekiko Harremanetako Departamenduak lehen transkribatutako txostena bidali du eta bertan adierazi da kexan aipatutako eraikineko lanak duela gutxi amaitu direla eta, gaur egun, itxita dagoela jendearentzat. Halaber, departamentuak adierazi du altzariak instalatu eta organismoa osatzen duten unitate organikoak non kokatu erabaki ondoren, barruko eta kanpoko errotulazioa eskatuko dela, indarreko araudia betez.

  4. Kexa eragin duen auziari dagokionez, berriz, abenduaren 15eko 18/1986 Euskararen Foru Legean ezarritakoa da aplikagarria. Lege horrek, gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak direla onetsi ondoren, gaztelania Nafarroako hizkuntza ofiziala dela ezartzen du, eta euskara ere ofiziala dela, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 9. artikuluan eta haren ondoriozko foru-legean (2. artikulua) aurreikusten denaren arabera.

    Hona hemen zer dioen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak, Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta mendeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duenak, 21. artikuluko lehen atalean: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren komunikaziorako eta irudirako elementu orokor orok bere errealitate elebiduna islatuko du .

  5. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onartzen dituen azaroaren 6ko 303/2019 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, erakunde horren izena Euskarabidea-Euskararen Nafarroako Institutua da; horregatik, izen hori erabili behar da egoitza hartuko duen eraikinaren errotulazioan.

    Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:

    Herritarrekiko Harremanetako Departamentuari gomendatzea arauz ezarritako izen elebiduna erabil dezala Euskarabidea-Euskararen Nafarroako Institutua erakunde autonomoaren egoitza hartuko duen eraikinaren errotulazioan.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluarekin bat etorriz, egoki da Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak gehienez ere bi hilabeteko epean jakinaraztea, aginduzkoa denez, erabaki hau onartu duen, eta hala badagokio, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak Arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2020. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan ematea horren berri, Nafarroako Arartekoaren ustez berez posible izan arren aldeko jarrera hori izan ez duen administrazio publikoa berariaz aipatuz.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea