nabigazioa salto egin

  1. Hasierara joan
  2. Ebazpenak
  3. Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q20/354), Hez...

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q20/354), Hezkuntza Departamentuari gomendatzen diona ireki dezala euskarazko irakaskuntza lerro bat Mendigorriako Julian Maria Espinal Oscoz ikastetxe publikoan.

2020 Uztaila 14

Euskera

Hezkuntza Kontseilaria

Kontseilari jaun hori:

1. 2020ko otsailaren 13an, idazki bat jaso zuen erakunde honek, […] andreak aurkeztua, zenbait familiaren izenean. Idazki horren bidez, kexa bat aurkeztu zion Hezkuntza Departamentuari, Mendigorriako Julian Maria Espinal Oscoz ikastetxe publikoan D ereduko lerro bat irekitzea ukatu izanagatik.

Kexan, eskatzen zen ireki zedila eskatutako lerro hori Mendigorrian, 2020-2021 ikasturterako.

2. Ondoren, erakunde hau Hezkuntza Departamentuarekin harremanetan jarri zen; kexaren berri eman zion, eta hari buruzko informazioa emateko eskatu.

2020ko uztailaren 6an, erakunde honek zenbait errekerimendu egin ostean, Hezkuntza Departamentuaren txostena jaso genuen.

Txostenean aipatutako gaiaren aurrekariak azaltzen ziren, bai eta aplikagarri diren arauak aipatu ere. Txostenean ondorioztatzen da Hezkuntza Departamentuaren jokabidea bat datorrela indarreko legediarekin, eta, bereziki, eskola mapan aurreikusten denarekin. Ildo horretatik, honako hau dio txostenak:

Horregatik, eta, hain zuzen ere, ikasle guztien harrera prozesuaren segurtasun juridikoa eta bideragarritasuna bermatzeko, eskola mapan aldaketaren bat egin nahi izanez gero, ikasleek aurrematrikula egin baino lehen egin behar da. Izan ere, baldintzak ez badira aurrematrikula egin baino lehen finkatzen, familiak babesgabetasun egoeran gelditzen dira, agian, aurrez aldaketen berri izan balute, haien aukerak aldatu izango lituzketelako.

Zehazki, 2020-2021 ikasturterako, uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretu berriak xedatuta utzi zuen, 2019ko abuztuaren 2an (data horretan jarri baitzen indarrean), 2020-2021 ikasturterako, Mendigorriari dagokion D ereduko erreferentzia zentroa Garesko Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa dela.

Xedatutakoarekin guztiarekin bat, finkatutako eskola mapa Euskararen Foru Legearen araberakoa da, eta Hezkuntza Departamentuak ez du legea urratu inola ere, familiei ez baitzaie ukatu beren seme-alabek D ereduan ikasteko aukera. Arauak dio Administrazioaren betebeharra dela D eredua ezartzen joatea "pixkana-pixkanaka, progresiboki eta behar adina”, baina horrek ez du esan nahi familiek eskaera egiten duten eremu mistoko udalerri guztietan lerroak sortu behar direnik.

Laburbilduz, errekurtsogileek Mendigorriako ikastetxe publikoan D ereduan egindako aurrematrikulak ukatzeko egintza bat dator zuzenbidearekin, ikastetxe horretan ez baitago lerrorik hizkuntza eredu horretan, eta, horrek, lehen esan dugun eran, ez du urratzen Euskarari buruzko Foru Legean xedatutakoa, ez dio inori ikastetxea libreki hautatzeko aukerarik kentzen, eta bat dator Nafarroako Gobernuak uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretu berriaren bidez finkatutako eskola maparekin.

Hezkuntza Departamentuak, lehen indarraldi urtearen ostean, egungo eskola mapa aztertu nahi du horixe esan die familiei, eta hala jakinarazi du beste zenbait forotan , hobetzeko dauden zenbait egoera konponduko lituzketen aldaketak egiteko aukerak aztertzeko.

3. Jasota gelditu den eran, Hezkuntza Departamentuak Mendigorriako Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxe publikoan (udalerri horretan bizi baitira interesdunak) D ereduko lerro bat irekitzea ukatu izanagatik aurkeztu da kexa.

Uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsitako eskola mapan oinarrituta arrazoitzen du bere ezezkoa Hezkuntza Departamentuak. Foru dekretu horrek, hain zuzen ere, xedatzen du Garesko ikastetxe publikoa dela D ereduko erreferentziazko ikastetxea Mendigorria udalerriarentzat.

4. Euskararen Foru Legeak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9.2 artikuluan aurreikusitakoa garatze aldera, bere funtsezko helburutzat jotzen du honako hau: Euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun, mailakatze eta errespetu irizpideei jarraikiz, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera [1.2 artikulua, c) idatz-zatia].

Helburu horri dagokionez, Foru Lege horren 19. artikuluak herritar guztiei aitortzen die honako eskubide hau: Herritar guztiek dute hezkuntza maila desberdinetan irakaskuntza euskaraz eta gaztelaniaz izateko eskubidea, ondoko kapituluetan ezarritako eran.

Azken xedapen hori zehazteko, Euskararen Foru Legearen 25. artikuluak, eremu mistoko irakaskuntzari buruzkoak, honako hau aurreikusten du:

Euskara irakaskuntzan sartuko da pixkana-pixkanaka, progresiboki eta behar adina, ikastetxeetan euskarazko irakaskuntza duten lerroak sortuz, hala eskatzen dutenendako.

2. Hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan euskara ikasketak emanen zaizkie hala nahi duten ikasleei, oinarrizko eskolatzearen bukaeran euskararen jakintza nahikoa izan dezaten.

Lege agindu horiei jarraikiz, aitortzen da herritarrek irakaskuntza euskaraz jasotzeko eskubidea dutela, eta, eskubide hori asetzeko, legeak xedatzen du irakaskuntza lerroak sortuko direla hizkuntza horretan eremu mistoko ikastetxe publikoetan (gaur egun eremu horretan baitago Mendigorria, Euskararen Foru Legearen 5.1 artikuluaren b) idatz-zatiaren arabera).

Aipatutako 25. artikulu horrek hezkuntza alorreko administrazioari agintzen dio sortu ditzala euskarazko irakaskuntza lerroak eremu mistoko ikastetxeetan, “hala eskatzen duten” interesdunen eskubidea asetzeko.

Hori horrela, Euskararen Foru Legeak, arlo horretan lege nagusia denak, eta gehiengo osoko legea denak ‒gainerako erregelamendu arauen gainetik gelditzen da beraz‒, honako bi alderdi hauek lotzen ditu: batetik, eremu mistokoak diren eta ikastetxeak dituzten udalerrietan, hala eskatzen duten gurasoek beren seme-alabak euskaraz eskolatzeko duten eskubidea, eta, bestetik, Administrazioak, eskaera horiei erantzuteko, ikastetxe horietan euskarazko irakaskuntza lerroak sortzeko eta hornitzeko duen betebeharra.

5. Kexa honi dagokionez, garbi ikusten da guraso batzuek (hamaika familia, bi eta hiru urteko seme-alabak dituztenak) Mendigorriako ikastetxean (udalerri horretan bizi baitira), euskarazko irakaskuntza lerro bat sortzea eskatzen dutela, beren seme-alabek euskaraz ikasteko duten eskubidea baliatu ahal izateko.

Hori guztia kontuan hartuta, eta Euskararen Foru Legea aplikatuz, haren espezialitatea eta nagusitasuna direla-eta, erakunde honek irizten du eskaera horri erantzun egin behar zaiola, eta ez du horretarako inolako lege eragozpenik ikusten.

6. Erakunde honen iritziz, uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuko xedapenak (haren bidez berrantolatzen da Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen sarea, “eskola mapa” deritzona) ezin dira inola ere oztopo izan eskatutako lerroa sortzeko.

Foru Dekretu horrek erregelamendu izaera du, eta, beraz, arau hierarkiaren printzipioarekin bat, ezin da jarri Euskararen Foru Legetik zuzenean ateratzen diren ondorioen gainetik. Izan ere, lehen esan dugun eran, foru lege horrek dio lerro berriak irekitzen ahalko direla lehendik ikastetxe publikoak zeuden eremu mistoko udalerrietan euskarazko irakaskuntza emateko hala eskatzen dutenei, haien eskubidea baita.

Foru Dekretuan eskola mapa bat diseinatu da Hezkuntza Administrazioaren antolaketa tresna gisa, eta, beraz, herritarren eskubideen eta betebeharren araubidea osatzen duten arauen mende egon behar du (Euskararen Foru Legearen mende, esate baterako), eta ezin da arau nagusi horietatik datozen aurreikuspenak aplikatzeko muga gaindiezina izan.

Eskola maparen antolaketa eta tresna izaera horrekin bat, kontuan hartu behar da, gainera, edozein unetan modu arinean aldatzen edo egokitzen ahal den arau bat dela, arau horrek errealitate dinamiko bati erantzun behar baitio, besteak beste, honako baldintza honi erantzun behar diolako: […] komenigarria eta beharrezkoa da ikastetxe publikoen sarea osorik berrantolatzea, ikasleen eskolatze bideak honako faktore hauen arabera egokitzeko: dagoen ikastetxeen sarea eta ikasleen bizilekua (foru dekretuaren hitzaurrea).

7. Foru Dekretuaren zioen azalpenean bertan adierazten da arauak errealitate aldakor bati erantzuten diola, eta arintasunez aldatzeko modukoa izan behar duela:

1998an foru dekretuaren azken egokitzapena egin zenetik, ikastetxe publikoen sarea antolatzen jarraitu da ikastetxe publikoak sortuz, kenduz edo bereiziz gobernu erabakien bitartez; erabaki horiek sarea aldatzen zuten, ikasleak ikastetxeei atxikitzeari dagokionez.

(…)

Beste alde batetik, administrazio prozeduratan arintasunez jokatu ahal izateko, eta interes publikoa hobetze aldera, ikastetxeak sortzeko, eraldatzeko, bateratzeko, desagerrarazteko, integratzeko eta ikastetxeak eta hezkuntza lerroak eta unitateak atxikitzeko eskumena ematen zaio Hezkuntza Departamentuari, aurreko araudia aldatuz, hark Nafarroako Gobernuari ematen baitzion eskumen hori.

Azken alderdi horrekin lotuta, honako hau xedatzen du foru dekretuaren 2. artikuluak:

1. Foru Dekretu honen Eranskinean jasotako ikastetxeen sarearen egituran edozein aldaketa egitekotan, ikastetxe berriak sortzeko, horien osaera aldatzeko, ikastetxeak bateratzeko, zenbait ikastetxe bakar batean integratzeko edo, azkenik, ikastetxeen eta hezkuntza lerroen eta unitateen atxikipenetan aldaketak egiteko, hezkuntzaren alorrean eskumenak dituen Nafarroako Gobernuko departamentuak dagokion administrazio espedientea izapidetu beharko du.

2. Hezkuntzaren alorreko eskumenak dituen departamentuko kontseilariari ahalmena ematen zaio dagokion administrazio espedientea izapidetzeko eta onesteko, ikastetxeen osaerak aldatu, ikastetxeak bateratu, ikastetxeen eta hezkuntza lerroen eta unitateen atxikipenetan aldaketak egin, edo antolaketan beste edozein aldaketa egite aldera, ikastetxeak sortzeko eta desagerrarazteko izan ezik, eskumen hori Nafarroako Gobernuari baitagokio, uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren, Hezkuntzarako Eskubidea Arautzen duenaren, 17. artikuluarekin bat.

Hau da, Foru Dekretuaren 2. artikuluak dioenez, Hezkuntza Departamentuak ahalmena du hezkuntza lerro berri bat sortzeko edo “antolaketan beste edozein aldaketa egiteko” baimena emateko, ikastetxeak sortzea eta desagerraraztea izan ezik, arin izapidetzeko eta onesteko modukoa izan behar duen administrazio espediente baten bidez.

Hezkuntza Departamentuaren txostenean azaltzen denaren arabera, 2019ko azaroan eskatu zen kexan aipatzen den eskola lerroa sortzea Mendigorrian; 2020-2021 ikasturterako (2020ko irailean hasten da) beharko litzatekeen administrazio espedientea izapidetzeko eta onesteko garaiz, beraz.

8. Gainera, erakunde honek uste du Mendigorrian eskola lerro berria sortzeko eskaera sendotzen dutela honako bi arrazoi hauek: batetik, ikastetxe publikoak finkatzean gertutasun printzipioari jarraitu beharra; eta, bestetik, agintari publikoek neurriak hartzeko beharra, Nafarroako landa eremuetako udalerriei jarraitutasuna emateko, eta, hala badagokio, udalerri horietako biztanleriari eusteko.

Gertutasun printzipioaren arabera, funtsezko zerbitzu publikoak finkatu behar dira oro har, eta, bereziki, hezkuntzaren alorreko hasierako faseetakoak (Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza), eskola zerbitzua emateko lurralde elementua egituratuz. Printzipio horrekin bat, ahal den neurrian, zerbitzu publiko horiek herritarrak bizi diren ingurune naturalean eman behar dira. Irizpide horrekin bat, adibidez, Hezkuntzaren Lege Organikoak xedatzen du (84.2 artikulua), eskolatzeari dagokionez, familiaren egoitzak ikastetxearekiko duen gertutasuna lehentasunezko harrera irizpidea izanen dela.

Beste alde batetik, landa eremuak babestu egin behar dira populazioa galtzetik, urritzetik eta zahartzetik, eta, horretarako, gomendagarria da egoitza udalerrietan errotuta dauden funtsezko zerbitzu guztiei eustea, ahal den neurrian. Ildo horretatik, zerbitzu horiek sortzea komeni da, oinarri egokiz eskatzen direnean. 45/2007 Legeak, abenduaren 13koak, Landa Ingurunearen Garapen Jasangarriari buruzkoak, helburu nagusitzat jotzen du honako hau: kalitatezko oinarrizko zerbitzu publikoak ematea sustatzea, landa ingurunearen berezko ezaugarrietara egokituak, bereziki hezkuntzaren, osasunaren eta herritarren segurtasunaren alorretan [2.1 c) artikulua].

9. Azkenik, erakunde honi egokia iruditu zaio gogoraraztea Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak (Estrasburgon egin zen 1992ko azaroaren 5ean), Espainiak sinatu zuenak, honako hau adierazten duela: Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzei dagokienez, hizkuntzok erabiltzen diren lurraldeetan eta hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera, ondoko helburuak eta printzipioak izango dira aldeen politika, legedia eta jardunaren oinarria: […] eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak sustatzeko ekintza seguru baten beharra, hizkuntzok babestearren […] eta, bereziki, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak irakasteko eta ikasteko modu eta bitarteko egokiak jartzea, egoki iritzitako maila guztietan [7. artikulua, f) idatz-zatia].

10 . Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:

Hezkuntza Departamentuari gomendatzea ireki dezala euskarazko irakaskuntza lerro bat Mendigorriako Julian Maria Espinal Oscoz ikastetxe publikoan.

Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoaren, 34.2 artikuluarekin bat etorriz, Hezkuntza Sailak aginduzko txostena eman behar du, gehienez ere bi hilabeteko epean, erabaki hau onartu duen ala ez jakinarazteko, eta, hala badagokio, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege horretan xedatutakoari jarraikiz, ebazpena ez bada onesten, Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko zaion 2020ko txostenean sartzen ahalko da kasua, eta berariaz aipatuko da dagokion Administrazioak ez duela aldeko jarrera hartu, posible zenean.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea