nabigazioa salto egin

  1. Hasierara joan
  2. Albisteak
  3. Nafarroako Arartekoaren agerraldia Nafarroako P...

Nafarroako Arartekoaren agerraldia Nafarroako Parlamentuko Foru Araubideko Batzordean, Eledunen Batzarrak eskatuta, erakundeak emandako ebazpenari (Q19/606 espedientea) buruzko azalpenak emateko.

08 Urtarrila 2020 Nafarroako Parlamentua

Nafarroako Arartekoaren agerraldia Nafarroako Parlamentuko Foru Araubideko Batzordean, Eledunen Batzarrak eskatuta, erakundeak emandako ebazpenari (Q19/606 espedientea) buruzko azalpenak emateko. Ebazpen hori Nafarroako Bekak programaren zenbait onuradunek Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuan aurkeztutako kexa dela-eta eman zuen, jaso zituzten diru-kopuruak itzultzeko eskatu baitzien.

AGERRALDIA, NAFARROAKO FORU ARAUBIDEKO BATZORDEAN

Egun on, jaun-andreok; eskerrik asko lehendakari andrea.

Nafarroako Parlamentuko Foru Araubideko Batzordean aurkezten naiz, Eledunen Batzarrak eskatuta, ni ordezkari naizen erakundeak emandako ebazpenari (Q19/606 espedientea) buruzko azalpenak emateko. Ebazpen hori Nafarroako Bekak programaren zenbait onuradunek Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuan aurkeztutako kexa dela-eta eman zuen, jaso zituzten diru-kopuruak itzultzeko eskatu baitzien.

Nafarroako Arartekoaren ebazpen hori joan den abuztuaren 1ekoa da, eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari helarazi zitzaion. Ebazpen horretan, aztergai dugun kasuaren aurrekariak eta zioak daude jasota.

Honela dio ebazpenak:

  1. Nafarroako Arartekoaren bulegoak idatzi bat jaso zuen posta elektroniko bidez 2019ko ekainaren 17an. Idatzi hori 2009. urtetik 2012. urtera bitartean Nafarroako Bekak programaren onuradun izandako zortzi lagunek aurkeztu zuten (zazpi emakumezko eta gizonezko bat), eta kexa bat helaraztea zuten helburu, eman zitzaizkien diru-kopuruak itzultzeko eskatu baitzien Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak.Lagun horiek azaldu dute bete zituztela beren gain hartutako konpromisoak, baina ezin izan zutenez Nafarroara itzuli karrera profesionala gauzatzera, Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioak jasotako diru-kopuruak itzultzeko eskatu diela

    Honako hau adierazi zuten interesdunek:

    “2009tik 2012ra bitartean Nafarroako Bekak programaren onuradun izan ginen gazte talde bat gara, eta programa horren helburua da unibertsitate-espedienterik onenak dituzten gazteek masterrak egin ahal izatea bikaintasun-zentroetan, gero Nafarroara ekartzeko eskuratutako trebakuntza eta talentua. Azken puntu horrek berebiziko garrantzia du; izan ere, itzultzeko baldintzak (deialdiaren oinarrietan adierazitakoak) bete ezean, emandako diru-kopurua itzuli behar zen, bai eta laguntza eman zenetik sortutako interesak ere.

    Urte horien joanean bete dugu hezkuntzaren alorrean eskatutakoa -arrakastaz amaitu genituen unibertsitate-ikasketak eta lanbidearen alorrean ere hazi gara, zenbait eremutan eta herrialdetan-. Hala ere, ezin izan dugu egoera guztietan itzultzeko baldintza bete, eta ez gogorik ez dugulako izan, baizik eta Erkidegoan ez dugulako lan-alorrean aukerarik eta laguntzarik izan.

    Horren ondorioz, Nafarroako Gobernuak 101 onuradunetatik gutxienez 23 laguni jakinarazi digu ez genituela itzultzeko baldintzak bete ezarritako epean, eta, beraz, zorra ordaindu behar dugula. Alferrikakoak izan dira ez itzultzearen arrazoiak justifikatzeko egin ditugun alegazioak, maila pertsonalean zein profesionalean egindakoak (arrazoia, batez ere, Erkidegoan lan-aukerarik ez edukitzea izan da). Itzulitako bekadunen ehuneko handi batek, baldin eta itzultzeko baldintza beteko bazuten, langabezian egotea edo lanbidez aldatzea zuten aukera bakarra, nahiz eta horrek berekin ekarri bekari esker egindako karrera profesionalari uko egitea. Nafarroan lan egiteko itzultzeak interes estrategiko batekin egon beharko luke lotuta (eta, beraz, ikasi dugunarekin lotuta), eta hala ez bada, planak ez du zentzurik. Horrenbestez, geure buruari galdetzen diogu zer lortu nahi duen benetan Gobernuak plan honen bidez; hau da, bertako gazteen garapen eta arrakasta profesionala lortu nahi duen, edo Nafarroara itzuli ezin duten gazteen kontura finantziazio-mekanismo bat sortzea lortu nahi duen. Nafarroako Kontuen Ganberak 2013ko ekainean argitara eman zuen txostenak jada ohartarazi zuen arazo horretaz; hain zuzen ere, honela dio 25. orrialdean:

    Kezka eta min handiena, zehazki, beken jarraipena egitean Gobernuaren gardentasun eta laguntza gabeziak eragin digu. Izan ere, jarraipenari dagokionez, honako hau baino ez dugu izan: urtean behin posta elektroniko bidezko mezu bat gure lan-egoera zein zen galdetzeko eta jakinarazpen bat itzuli ezean jasotako dirua itzuli egin behar genuela gogorarazteko. Ezein unean ez dugu sentitu gure aldeko apustua egin zuen eta ezagutza hona ekartzea nahi zuen Gobernuaren babesa.

    Gardentasunari dagokionez, berriz, inoiz ez digute Ebaluazio Batzordearen bileren akten berri eman, eta akta horiek oso lagungarriak egingo litzaizkiguke ulertzeko zer-nolako egoeratan zegoen bekadunetako bakoitza, zein hartu diren postu estrategikotzat eta zein ez, eta zer salbuespen egin diren itzultzeko eskakizunerako, egin baldin badira.

    Bekadunen plataforma honek zera lortu nahi du:

    Informazio hori guztia eskuragarri edukitzea gutako bakoitzaren egoera zein den jakiteko, beka eman zigutenean bezala. Izan ere, hartara, baloratu ahal izango dugu ea badagoen itzultzeko eta itzultze estrategikorako irizpide bidezkoa eta gardena. Horrenbestez, Batzordeak egindako bileren zirriborro edo akta guztiak eskuragarri edukitzea eskatzen dugu, beken deialdia egin zenetik gaurdainoko guzti-guztiak.

    Eztabaidatzea, alor politikoan eta sozialean, baloratzeko ea diru-kutxa publikoetatik 3.704.522 € bideratu ziren programa arrakastatsua izan den, gure ustez, gaur egun, ez baita gogobetegarria izan. Bai eta jakiteko ere bekadun askok itzulitako diru-kopuruak zer aurrekontu-sailetarako bideratu diren.

    Garatzea, behingoz, bekadun guztion bidez eratutako interes estrategikoko sare bat Nafarroarentzat, alde batera utzita itzuli garen edo ez, Foru Erkidegora ekartzeko eman diguna: nortasun zein balio komunak eta karrera profesional bat, bai guretzako eta bai Nafarroarentzako hain garrantzitsua dena.

  2. Gero, erakunde honek Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

    2019ko uztailaren 29an, departamentu horrek egindako txostena jaso genuen, eta hauxe azaltzen du:

    “2019ko ekainaren 19ko idatziari erantzun nahirik [2009tik 2012ra bitartean Nafarroako Bekak programari buruzkoa, programaren zenbait onuradunek aurkeztutako idatziaren berri emateko], adierazi nahi dizut ezinbestez bereizi behar direla bi kontu hauek, nire ustez ez dutelako zerikusirik: bata, programa baten administrazio-prozedura bera; eta bestea, programa horren balorazio politiko, sozial eta dialektikoa, argitzeko programa egokia izan zen ala ez, bete zituen helburuak ala ez eta etorkizunari begira baldintza berberak ezarri ala ez.

    Lehenbiziko gaiari dagokionez, nahitaez azaldu behar da beka horiek dagozkien oinarri arautzaileak dituztela, eta oinarri horietan ezarrita daudela bai laguntza horien onuradunen itzultzeko betebeharra eta bai betebehar horiek ez betetzeak dakartzan ondorioak. Betebehar hori ez betetzeak eragin du dirua itzultzeko kasuan kasuko espedienteak izapidetzea. Espediente horietako bati buruzko iritzia emateko aukera izan dute auzitegiek, eta adierazi dute dirua itzultzeko eskakizuna bat datorrela zuzenbidearekin. Oinarri arautzaileek, auzitegiek behin baino gehiagotan azaldu dutenez, dirulaguntzak arautzeko legea osatzen dute, eta betebeharrak ezartzen dizkie bai onuradunei bai Administrazioari. Oinarri arautzaileetan jasotako betebeharrak betetzen ez badira, dirulaguntzak kudeatzen dituzten organoek nahitaez izapidetu behar dute dirua itzultzeko kasuan kasu dagokion espedientea. Honekin batera Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak horri buruz emandako txostena igortzen dizut. Txosten horretan, gai hauek biltzen dira: programan bertan itzultzeko adierazitako baldintzak, baldintza horiek ez betetzeak dakartzan ondorioak, dirua itzultzeko ebazpen baten aurka prozedura jakin bati buruzko auzitegien iritzia eta zerbitzuak berak gauzatutako jarraipen-lanari buruzko erreferentziak.

    Bigarren gaiari dagokionez, adierazi nahi dizut, lehenik, egungo gobernua ez den beste batek jarri zuela abian programa hori; bigarrenik, kasuan kasuko gobernuak dagokion erantzukizuna gauzatzea egokitzen zaion testuinguruaren egoeraren arabera hartzen dituela egokien iruditzen zaizkion erabakiak; hirugarrenik, programa horren diseinua urte haietan egokia izan zen ala ez eztabaidatzea beste foro bati dagokiola; eta azkenik, egungo gobernuak uneko egoerarako egokien iruditu zaizkion neurriak jaso dituela indarrean dagoen nazioarteko planean”.

  3. Nazioarteko Proiekziorako Zerbitzuaren txostenak, kontseilariaren erantzunarekin batera helarazitakoak, hau dio:

    “2009. urteko deialdiaren oinarrietan (urte horretan egin zen lehenbizikoz beken deialdia) eta hurrengo 2010., 2011. eta 2012. urteetakoetan, zehazki 22. artikuluak arautzen du Nafarroara itzultzeko betebeharra; honela dio:

    “Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan aurreikusitako betebeharrez gainera, laguntza jasotzen duenak betebehar hauek ere izanen ditu:

    c) Nafarroako Foru Erkidegora itzultzea graduondoko ikasketak bukatu eta bost urteko epea iragan baino lehen, beren lanbidean gutxienez lau urtez aritzeko. Horri begira, honako hau izanen da Nafarroara itzultzea:

    1. Egoitza Nafarroan edo Nafarroatik kanpo duen enpresa, instituzio, unibertsitate edo erakunde nafar batean hastea lan-kontratuaren bidez edo ikerketa-proiektu bati lotutako kontratu baten bidez.
    2. Egoitza Nafarroan duen baina nafarra ez den enpresa, instituzio, unibertsitate edo erakunde batean hastea lan-kontratuaren bidez edo ikerketa-proiektu bati lotutako kontratu baten bidez.
    3. Bekadunak enpresa bat eratzea, haren egoitza sozial edo fiskala Nafarroan badago, eta haren Zuzendaritza organoak Komunitate honetan badaude nahiz eta beste komunitate edo herrialde batzuetan jarduera garatu eta/edo horietan egoitzak izan; enpresa horretako jarduerak onuradunaren jarduera nagusia izan behar du.
    4. Lanbide liberal batean aritzea (Gizarte Segurantzako autonomoetan alta emanda), egoitza Nafarroan izanik.
    5. Ebaluazio eta Hautapen Batzordearen ustez Nafarroarentzat estrategikoa den nazioarteko enpresa edo erakunde batean lanean aritzea. Horretarako, bekadunak lan-eskaintzaren berri eman beharko dio Ebaluazio eta Hautapen Batzordeari, horrek beharrezko ebaluazioa egin dezan.

      Aukera izanen da kontratuak enpresa edo erakunde batekin bakarrik ez egiteko, baina onuradunaren lan-denbora gehiena hartzen duen enpresak aipatu diren baldintzetakoren bat bete beharko du.”

      Deialdiaren 25. d) artikuluak jasotako dirua itzuli behar izatea eta berandutza interesak (laguntza ordaintzen denetik itzuli beharra erabakitzen den data artekoak) eskatzea aurreikusten du, baldin eta itzultzeko betebeharra betetzen ez bada, besteak beste.

      Beken helburua da goi mailako tituludunak atzerrian emandako masterretan prestatzea, eta handik itzultzean estrategikoak diren lanpostuetan arituz, Nafarroako enpresa-sarea eta gizartea, oro har, nazioarteratzen laguntzea. Baldintzapeko izaera hori da dirulaguntzak eta dirua emateko oinarria, eta baldintza horietatik sortzen da dirua itzultzeko betebeharra, ezarritakoa bete ezean.

      Horrenbestez, beka horietara aurkeztutakoek jakin bazekiten beka zenbait baldintza betetzearen baitako dirulaguntza zela, eta baldintza horietako bat Nafarroara ezarritako epean itzultzea eta Nafarroan beren lanbidean gutxienez lau urtez aritzea zela; bestalde, baldintza hori ez betetzearen ondorioak ere bazekizkiten.

      Nafarroako Kontuen Ganberak 2013ko ekainean egindako txosten batean aipatu bazen ere krisi ekonomikoak itzultzea zaildu dezakeela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren administrazioarekiko auzien salaren 15/2018 epaiak, 2018ko urtarrilaren 16koak, beka horiek itzultzeko ebazpenaren aurkako 520/2016 prozeduran emandakoak, honela dio:

      Epaia Nafarroara itzultzeko izan daitezkeen arazoei buruzkoa ere bada.

      Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, deialdi horiek kudeatzen dituen organoa den aldetik, beharrezko jarraipena egiten du ziurtatzeko deialdian agindutako baldintzak betetzen direla, eta ez betetzeren bat egiaztatuz gero, itzultzeko espedientea izapidetzen du, horretarako kontuan hartuta deialdiaren oinarri arautzaileetako 25. artikuluan eta dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan araututakoak.

      Epai horretan adierazitakoaren arabera, deialdi horietako oinarrietan itzulerari buruz adierazitako irizpideak, berberak izan dira deialdia egin den lau urteetan, argiak dira. Nolanahi ere, 2019ko martxoaren 13ko aktan Batzordeak azaldu zuen zer irizpide hartu izan duen kontuan, enpresa batean lan egitea Nafarroarentzat interes estrategikotzat hartzeko:

      “Batzorde honek deialdi guztietan aplikatzen duen irizpideari dagokionez, erabaki da honako hau hartzea Nafarroarentzako interes estrategikotzat:

      • nazioarteko organismoetan, EBko erakunde publikoetan edo beste erakunde arau-emaile batzuetan hastea, lan-kontratu bidez
      • beste enpresa edo entitate batzuetan hastea, baldin eta haietan egindako jardueraren bidez ezagutza erkidego honetara ekintza zehatz eta egiaztagarrien bidez ekartzen bada.

        Zalantza sortuz gero, txostena eskatuko zaio aztergai dugun gaian eskumena duen departamentuari”.

        Batzordeak bileren aktak eskuragarri ez jartzeagatik adierazitako gardentasun gabeziari dagokionez, azaldu nahi dugu akta horiek 2016., 2017., 2018. eta 201. urteetakoak direla, deialdiak egin zirenetik zenbait urte igaro direla, eta akta horietan dirua itzultzeko betebeharrak eragiten dien eta ez dien pertsonen intimitatearekin lotutako egoera pertsonalak eta profesionalak daudela jasota.

        Beraz, akta horiek eskuragarri jartzea legezkoa den baloratzen ari gara.”

  4. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 23.2 artikuluak araututakoaren arabera, epai irmoa jaso duten edo ebazpen judizialaren zain dauden kexak banan-banan aztertzeko aukera mugatu ondoren, adierazten da horrek ez duela eragotziko beste batzuk ikertzea.

    Bestalde, Foru Lege horren 33.1 artikuluak arautzen duenez, Nafarroako Foru Erkidegoko Arartekoak Administrazioaren egintza eta ebazpenak sortzean erabilitako irizpideak aldatzeko eskatzen ahal du; eta 33.2 artikuluak ahalmena ematen dio herritarren kalterako sor daitezkeen arauak alda daitezen premiatzeko.

    Lege horietan jasotakoa azaldu dugu adierazteko, orain arrazoituko dugunaren harira, ez kexaren arrazoiarekin lotutako kasu bati buruzko epai judizial bat egotea eta ez araua zorrotz bete izana (kasu honetan Dirulaguntzei buruzko Foru Legea, beken programaren deialdiari buruzkoa) ez dela eragozpen izango erakunde honen jarduketa baterako; izan ere, administrazioaren jarduera kontrolatzeko parametroak, berariazko funtzioa duen aldetik, ez dute zertan bat etorri Administrazio publikoaren edo justizia auzitegien berezko parametroekin.

  5. Kexa eragin duen gaiari eta Nafarroako Bekak programa garatu zen urteetako testuinguruari (2009tik 2012ra bitartean) dagokionez, erakundeak hau iritzi zion:
    1. Ezin ukatuzkoa da 2009tik 2012ra bitartean eta hurrengo urteetan, lan-merkatuan eragin izugarria izan duen krisi ekonomiko larria bizi izan dugula.
    2. Bereziki gazteen sektoreari eragin dio, zenbait azterlanek agerian utzi dutenez, eta gazte horiek lan-alorrean eta alor profesionalean zituzten aukerak eta itxaropenak izugarri mermatu direla krisi ekonomikoak iraun duen denboran.
  6. Kontuen Ganberaren espedientean, Nafarroako Bekak programaren harira 2013ko ekainean egin zuen fiskalizazio-txostenean, honela dio:

    Ez da metodo sistematikorik onuradunen karreren jarraipena egiteko, eta ez da modu jakinik ezarri egiaztatzeko onuradunak bost urteko epean Nafarroara itzultzeko betebeharraren jarraipena egiteko ere; izan ere, azken baldintza hori ez betetzea beken zenbatekoak itzuli behar izateko arrazoia izanen litzateke. Alderdi horri dagokionez, interesatzen zaigu aipatzea nolako zailtasuna egon daitekeen praktikan baldintza hori betetzeko, zeren eta ez baitago akordiorik enpresekin; horrenbestez, onuraduna da Nafarroako enpresa edo erakundeetara etorri behar dena edo bere lana Nafarroarentzako interes estrategikoak diren lanpostuetan bete behar duena. Horri dagokionez, nabarmendu beharra dago egungo krisi ekonomikoko egoerak baldintza horren betetzea zaildu dezakeela.

  7. Kode Zibilaren 3. artikuluak honako hau dio:
    1. “Arauak euren hitzez-hitzezko esanguraren arabera interpretatuko dira, betiere, testuinguruari, aurrekari historikoari eta legegintzazko aurrekariei eta arau horiek aplikatu behar diren garaiko gizarte-errealitateari lotuta, eta, batik bat, arauen espiritua eta xedea kontuan hartuta.
    2. Ekitatea balioestekoa izango da arauak aplikatzean; hala ere, auzitegiek emandako ebazpenen oinarri esklusiboa ekitatea izan dadin, legeak beren beregi ahalbidetu behar du hori”.

      Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak –bai eta haren aurreko 30/1992 Legeak ere– Administrazioaren berrikuspen-ahalmena mugatzen du; hain zuzen, dio: … baliatzerik ez dago baldin eta, akzioak preskribatu direlako, denbora igaro delako bestelako gorabeherengatik, fede onaren, partikularren eskubideen edo legeen aurkakoa bada .

      Aztergai dugun kasuan, hau da, beken zenbatekoak itzuli behar izatea, nahiz eta berez ez izan berrikuspen egintza bat –ez da ezbaian jartzen emateko egintzaren baliozkotasuna–, gure ustez, administrazioak berrikusteko duen ahalaren muga horiek bide ematen dute zuzenbidearen printzipio orokorrak aplikatzeko.

  8. Aipatutako inguruabar horiek guztiek, ni ordezkari naizen erakundearen ustez, justifikatuko lukete beken zenbatekoa itzultzeko ez eskatzea, edo, gutxienez, leuntzea eta egokitzea, batez ere hautemanez gero onuradunek beren esku zegoena zentzuz egin dutela, dirulaguntzak emateagatik beren gain hartutako konpromisoak eta betebeharrak gauzatzeko.

    Gure ustez, Kontuen Ganberak adierazitakoak eta urte haietan bizi genuen ageriko krisi ekonomiko larriak, laburbilduz, honako hau uzten du agerian: Nafarroara itzultzeko konpromisoa ezingo zen gauzatu arrazoi askorengatik, eta arrazoi horietako gehienak ezin zaizkie onuradunei egotzi.

    Horren harira, badira hainbat gorabehera. Batetik, dirulaguntzen loturarekiko berezko dinamikarekin zerikusirik ez duen arrazoi bat (krisi ekonomikoa eta haren ondorioak), garapen profesionalari ekitea izugarri zaildu zuena; eta bestetik, Administrazio publikoaren beraren egintzak izan zezakeen garrantzia, agerian geratu baita ez zirela neurri egokiak antolatu interesdunak itzultzea errazteko.

    Testuingurua halakoa izanik, eta gure ustez betiere, une hartako egoeren munta eta eragina kontuan hartu gabe dirulaguntzen araua zorrotz aplikatu izanak (zenbatekoak itzultzeko eskatzea) eragin zezakeen fede onaren eta ekitatearen printzipio orokorrekiko emaitza bidegabea eta egokitu gabea izatea.

    Horrenbestez, sortutako egoera zuzentzeko neurriak hartzea iradokitzen dugu.

  9. Espedientearen ondoriozko gainerako gaiei dagokienez, adierazi nahi dugu bekadunek, gauzatu ziren egintzekiko eta prozedurekiko interesa duten aldetik, Administrazioaren esku dagoen informazioa ikusteko eskubidea dutela.

    Eskubide horrek bere baitan hartzen du, gutxienez, Administrazioaren esku dagoen izaera orokorreko informazioa edo pertsonala ez den informazioa (programa betearazteko edo programaren jarraipena egiteko administrazioko organoen egintzak, baldin eta esparru orokorrean gauzatu badira), bai eta bekadun bakoitzari buruz daukaten informazioa ere, zuzenean eragiten badie.

    Aktetan onuradunei buruzko informazio pertsonala jasotzen da eta horrek justifika dezake informazio horren eskuragarritasuna mugatzea (informazioa eskatzen duenari buruzkoa ez bada, hau da, hirugarrenei buruzko datuak badira) eta partziala izatea, baina ez ukatzea.

  10. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion ahalmenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo zuen:
    1. Garapen Ekonomikorako Departamentuari iradokitzea berrikusteko Nafarroako Bekak programaren (2009tik 2012ra bitartekoa) zenbatekoak itzultzeko eskakizunak, eta, beraz, ez eskatzeko zenbatekoak itzultzea edo, bestela, zenbatekoa egokitzeko, baldin eta ondoriozta badaiteke Nafarroara itzuli ezin izana bekadunaren egintzekin zerikusia ez duten arrazoiek bultzatu zutela.
    2. Garapen Ekonomikorako Departamentuari gomendatzea interesdunei eskuragarri jartzeko aztergai ditugun beken programari buruz eskatzen duten informazioa, betiere hirugarrenei buruzko datu pertsonalak kenduta.
      Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluarekin bat etorriz, iradokizuna Garapen Ekonomikorako Departamentuari helarazi zitzaion, gehienez ere bi hilabeteko epean jakinarazteko, aginduzkoa denez, erabaki hau onartzen zuen, eta hala bazen, erabakia betetzeko zer neurri hartu zituen.

      Kexa jarri zuten bekadunen ordezkariari ere helarazi zitzaion.

  11. Erakunde honek 2019ko urriaren 10ean jaso zuen Garapen Ekonomikorako Departamentuaren erantzuna, iradokizunari eta gomendioari buruzkoa.

    Erantzun horretan, honako hau adierazi zuen Departamentuak:

    “2019ko abuztuaren 1ean jasotako gomendioei dagokienez, zera jakinarazi nahi dizugu:

    Nafarroako Bekak programaren (2009tik 2012ra bitartekoa) zenbatekoak itzultzeko prozedurak Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak eta beken deialdiko oinarri arautzaileek ezarritakoarekin bat etorrita izapidetu dira. Oinarri arautzaileetan zenbait bide daude ezarrita masterreko ikasketak bukatu eta Nafarroako Foru Erkidegora bost urteko epea iragan baino lehen itzultzeko eta beren lanbidean gutxienez lau urtez aritzeko betebeharra bete dezaten onuradunek. Aurreko erantzunean adierazi nuenez, oinarri arautzaileetan jasotako betebeharrak betetzen ez badira, dirulaguntzak kudeatzen dituzten organoek nahitaez izapidetu behar dute dirua itzultzeko kasuan kasu dagokion espedientea. Ebaluazio Batzordeak egindako jarraipenean eta jarraipen horren ondorioz zenbatekoak itzultzeko espedienteak izapidetzean (espedientea ireki zitzaien pertsonek aukera zuten egokitzat jotako alegazioak egiteko eta beren eskubideek aitortutako moduan dokumentazioa aurkezteko), ez da egiaztatu, gaurdaino, bekadunen egintzekin zerikusia ez duen ezinbesteko arrazoirik gertatu denik eta horrek oinarri arautzaileetan ezarritako moduetakoren batean itzultzeko betebeharra betetzea eragotzi dienik. Begi bistan dago onuradunek itzultzeko betebeharra betetzean nork bere egoerari erantzun behar izan diola, zailtasunak zailtasun, eta unean-unean egokien iruditu zaizkion erabakiak hartu behar izan dituela haietako bakoitzak. Erabaki horien harira, onuradunen ehuneko handi batek bete ditu zegozkion betebeharrak, eta gutxi batzuek, berriz, ez dituzte bete. Administrazioari ez dagokio baloratzea zergatik onuradunetako bakoitzak hartu zuen erabaki bat edo beste, ez eta baloratzea ere ea erabaki bakoitza egokia izan zen kasuan kasu, eta are gutxiago zalantzan jartzea deialdiren baterako interesa izan baina bete beharreko baldintzak beren gain hartu nahi ez zituztelako ez aurkeztea erabaki zuten pertsonak egon ziren edo ez. Administrazioari dagokiona zera da: onuradunek betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzea, eta, zenbatekoa itzuli behar duela irudituz gero, dagokion izapidea berme guztiekin izapidetzen dela ziurtatzea.

    Irailaren 27an bideokonferentzia bidez hitz egin dugu hiru bekadunekin, eta arestian adierazitakoa azaltzeaz gain, jakinarazi diegu beken programari buruzko informazioa emango zaiela eskatzen duten guztiei, hirugarrenei buruzko datu pertsonalak kendu ondoren. Horrenbestez, interesdunek igortzen dituzten informazio-eskaera guztiei behar bezala emango diegu erantzuna, adierazitakoa kontuan hartuta”.

  12. Erantzun hori aztertu eta gero, Nafarroako Arartekoak erabaki zuen Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak ez zuela aztergai dugun gaian, gaurdaino behintzat, gomendioarekin eta iradokizunarekin bat datorren neurri bat edo horien aldeko jarrera bat hartu; beraz, hori bera jakinarazi zien kexa jarri zuten pertsonei, eta amaitutzat eman zuen esku-hartzea gai honetan.

Horiek izan ziren gure jarduketak, ekitatearen ideia oinarri hartuta gauzatutakoak, eta horrezaz gain, kontuan hartuta kargak edo zorrak eragiten dituzten egintzak, hala nola dirulaguntzak itzultzeko eskatzea, Administrazioak beti erreboka, egokitu edo alda ditzakeela, egokia irudituz gero eta behar bezala justifikatuz gero. Nahikoa litzateke deialdiaren oinarrietan zenbatekoak itzultzeko puntua aldatzea; izan ere, berriz ere adierazi nahi dugu herritarrari zorrak edo ondorio kaltegarriak eragiten dizkioten egintzak direla. Gure ustez, egoera aztertu ondoren, nahikoa justifikatuta dago eta ez dago inolako eragozpenik horretarako, ez eragozpen juridikorik eta ez bestelakorik, eta aipatutako epaiak ere ez du eragozten gerora egitea, eta Kontuen Ganberaren txostenak ez-itzultze horren alde egingo luke.

Hori da, azken batean, gure iradokizuna. Argibide edo azalpen gehiago nahi izanez gero, zuen esanetara nauzue.Eskerrik asko.