nabigazioa salto egin

  1. Hasierara joan
  2. Albisteak
  3. Nafarroako Arartekoak Nafarroako Parlamentuko L...

Nafarroako Arartekoak Nafarroako Parlamentuko Lehendakariari 2017. urteko txostena eman dio

Enérizek ohartarazi du babesgabetasun egoeran dauden adingabeak lehen baino gehiago direla eta Hezkuntza egonkortzeko eta alokairu babestua behartsuenei iristarazteko deia egiten du

26 Martxoa 2018 Nafarroako Parlamentua

Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Ainhoa Aznarezek, urteko txostena jasotzen du Nafarroako Arartekoa den, Javier Enerizen, eskutik.

Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzak Foru Komunitateko arartekoari, Francisco Javier Enérizi, harrera egin dio gaur bere bulego ofizialean, eta arartekoak 2017ko ekitaldiari dagokion urteko txostena aurkeztu dio modu formalean. Txosten horretan 2.412 jarduketa jaso dira, 2016ean baino 447 gehiago, hau da, % 22,7 gehiago.

2017an egin den lanaren bitartez, 118 iradokizun, 232 gomendio eta legezko betebeharren 122 oroigarri helarazi zaizkie Nafarroako administrazio publikoei (514 erabaki, guztira). Hori guztia erakundearengana jo duten 8.160 herritarren ekimenaren emaitza izan da; 1.231 kontsulta egiteaz gain, 921 kexa aurkeztu dituzte, besteak beste (1.121 espediente sorrarazi dituzte); kexa horietatik % 85,5 izapidetzeko onartu dira, eta % 71,9 oinarridunak izan dira. Bestalde, 826 ikerketa egin dira; horietatik 787 jasotako kexen ondoriozkoak izan dira, beste 28 ofizioz egin dira, 9 herritarren proposamenei lotuta egin dira, eta beste biak prestatu diren txostenen harira gauzatu dira.

Kexa gehien eragin dituzten hamabi arloak honako hauek dira, kexa kopuruaren araberako ordenan: hezkuntza, funtzio publikoa, gizarte ongizatea, ingurumena, enplegu publikorako sarbidea, osasuna, ogasuna, etxebizitza, hirigintza, trafikoa, herritarren segurtasuna eta enplegua.

Lehenengo arloa hezkuntza izan da, 156 kexa aurkeztu dira gai honen inguruan. Eskola jazarpenaren inguruko kexak izan dira, baita ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan onartzeko izpideek eragindakoak ere, erroldatze eta errenta aitorpenaren inguruko iruzurrezko jarduketenak barne. Eskola garraioari buruzko kexak ere badaude (Antsoain, Artika Berri, Beriain), baita Iruñeako Hizkuntza Eskola Ofizialetik ingeleseko A1 maila ezabatzeagatik ere, edo Tuterako gaueko ordutegian erizain laguntzaile izateko lanbide heziketa maila ertaina ez egonagatik ere.

Funtzio publikoa izan da kexa gehien jaso dituen bigarrena, 96 kexa aurkeztu dira. Nabarmenak dira Gizarte Segurantzako erregimenak ezartzen duen erretiro adinaren inguruan Montepíos sistemarekin alderatuz dauden tratu diskriminatzaile eta kaltegarriak direla eta aurkeztutako 1838 sinadurak. Beste alde batetik, 46 kexa azaldu dituzte Hezkuntza Departamentuak urtebete baino gutxiagoko kontratuak dituzten irakasleekin egiten duen interpretazioagatik, “egun ez lektiboak opor egun gisa kontatzen baitizkie”. Udaltzainen bost kexa ere daude, baita sindikatu batenak ere 15/2015 Foru Legean ezartzen den txandakatze osagarriak ez kobratzeagatik. Lan arriskuen prebentziorako hamar teknikok ere kexa jarri dute formakuntza ekintzak lehen boluntario eta ordaindutakoak zirelako eta egun beharrezkoak eta ordaindu gabeak.

Hirugarren arloan gizarte ongizateari lotutako kexak daude (86). Horietatik 19k haurren eta nerabeen babesaren inguruko kontuak aipatu dituzte, eta, horien artean, nabarmenak dira adingabeen babesgabetasunaren, banandutako gurasoen arteko zaintzaren edo behaketa eta harrera zentroetako funtzionamendu-araubidearen gainekoak.

Halaber, Errenta Bermatuari lotutako beste 13 kexa daude, bai errenta ukatzeari dagozkionak bai errenta emateko edo berritzeko orduan atzeratzeari dagokionez. Prestazio publiko hori enbargaezina bada ere, oraindik ere zenbait herritarren kexak jasotzen dira, administrazio publikoren batek haren zenbatekoa enbargatu baitie.

Genero indarkeriaren inguruko hiru salaketa daude emakumeen aurka bikote kide ohiek jarrita, eta beste sei gizarte hezitzaileen arreta desegokia dela eta.

Laugarren arloa ingurumena da (66 kexa), aurreko ekitaldietan bezala, nagusi dira hainbat motatako jarduerak eragindako zaratarengatiko kexak, eta, bereziki, gazteen lonjek eta ostalaritza-negozioek sortutako hots-kutsaduraren ondoriozkoak. Halaber, kexak aurkeztu dira ingurumen-informazioaren ukapenari, salaketak erantzu ez izanagatik, animali eta landarediaren babesari eta sailkatutako ekintzen lizentziei.

Halaber, berdintasun, merezimendu eta gaitasun baldintzak errespetatuta enplegu publikoa eskuratzeari buruzko kexak daude (56), Hezkuntzan, Osasunean eta Lehendakaritza, Funtzio Publikoa, Barnea eta Justizia sailetan. Zalantzan jarri da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenden kudeaketa, eta kontratazio zerrendetan desgaitasuna duten pertsonen lehentasunari lotutako aldaketarekiko desadostasuna adierazi da.

Era berean, ikastetxe publikoetan irakaskuntzan lan egoteko Prestakuntza Pedagogikoa eta Didaktikoa masterra eduki beharraren inguruko kexak ere egon dira. Baita ikastetxe pribatuetan lan egin izanak edo eskainitako zerbitzuak meritu gisa ez kontatzearen inguruko kexak ere egon dira.

Seigarren lekuan osasun arloko kexak daude (55), eta, besteak beste, jasotako arreta klinikoarekin eta itxarote-zerrendekin (batez ere, traumatologia eta errehabilitazioan) desadostasuna agertzen dutenak eta osasun prestazioak nahiz gastuen itzulketa ukatzearen gainekoak izan dira.

Gainera, zeliakoentzako laguntzak urriak direla esaten da, eta Ospitaleetako instalazio batzuen egoera ere zalantzan jartzen da, pabilioi psikiatrikokoa eta Haurren UCIa esaterako.

Ogasunari dagokionez, 48 kexa daude, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko kexak nabarmendu dira. Halaber, badaude batzuk hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zergari buruz (lurraren balio gehikuntza egon ez den kasuetan) eta hiri lurren gaineko kontribuzioari buruz.

Merkatarien elkarte batek ere kexa adierazi du jaso duten trataera “diskriminatzailea” dela eta, Ekintza Ekonomikoen Zergari lotuta egoteagatik eta euren negozio kopurua milioi bat baino txikiagoa delako.

Era berean, arrazakeriareb aurka lanean diharduen elkarte batek kexa adierazi du Murillo el Frutoko zentro kulturalaren erabileragatik tasak izugarri igo direlako, euren ustez, “ijitoak edo hauen entitateak kaltetzeko”.

Zortzigarren lekuan etxebizitza dago 35 kexarekin. Arlo horretako kexak honako hauei lotuta daude, nagusiki: alokairurako laguntza publikoak ukatzea, etxebizitza babestuetako kalteak, eta familiaren beharrizanetara hobeto egokitzen diren babes ofizialeko beste etxebizitza batzuk eskuratzeko dauden zailtasunak.

Bederatzigarrena hirigintza da (30 kexa), eta ohi bezala, ekimen partikularrak eskatutako aldaketen izapideak ukatzeari edo horietan geldotasuna agertzeari buruzko kexak daude, baita hirigintza araudiaren balizko ez-betetzeen aurrean legezkotasuna babesteko neurriak hartzeko orduan zenbait udalerrik duten gelditasunari buruzkoak ere. Aldi berean, hirigintza egikaritzapenari lotutako erreklamazio batzuk ere egon dira, eta udal batzuk informazio eskaeren aurrean erantzun ezagatik ere.

Trafikoa da hamargarren arloa (30 kexa). Arlo horretan nabarmendu behar dira isunekin, udal garabiaren zerbitzuak Iruñeko aparkaleku murriztu edo mugatuko eremutik ibilgailua kendu izanarekin eta beren ibilgailua berreskuratu ahal izateko ordaindu behar dituzten gehiegizko tasekin ados ez dauden herritarrek aurkeztutako kexak.

Trafikoaren aldaketari dagokionez, plataforma batek eta hainbat hiritarrek aurkeztutako (2.147 sinadurarekin) kexa nabarmentzen da, Iruñeko Udalak Pio XII kalean egin nahi duen aldaketarekin ados ez daudela adierazteko, “aparkalekuak murrizten dituela argudiatuz”.

Hamaikagarren lekuan herritarren segurtasuna dago, eta bertan nabarmenak dira hainbat polizia kidegotako agenteek herritarrei emandako tratu desegokiaren ondorioz aurkeztutako kexak. Halaber, Iruñeko espetxean dauden preso batzuek kexak aurkeztu dituzte, zenbait funtzionariok emandako tratuarekin ados ez daudela adierazteko.

Hamabigarren lekuan enplegua dago 25 kexarekin. Eraikin publikoetan lan egiten duten garbitasun enpresa pribatuetako langileenak nabarmenak dira, “lizitazio prozesuetan ematen diren irregulartasunek euren lan baldintzak kaltetzen dituztela” salatzen dute. Enpresa pribatu batek ere kexa adierazi du lizitazio aurrekontuek ez baitituzte “zerbitzuaren kostu errealak betetzen”, eta salaketa hauek Hezkuntza eta Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioen Departamentuei dagozkie.

Genero inpaktua

Nafarroako Parlamentuak eskatuta, Arartekoaren aurtengo txostenean iristen diren kexen genero inpaktua bildu da. Ikerketa honetan genero aspektua nabaria dela islatu da, izan ere, hainbat gaietan emakume gehiagok jartzen dituzte kexak gizonezkoek baino, eta normalean hirugarren pertsonen babeserako izaten direla agerian gelditu da.

Nahiz eta txostenean esaten denaren arabera datuak “ez diren eztabaidaezinak”, hurrengo txostenetan genero analisia egingo balitz baieztatu liteke hainbat gaietan emakumeen kexa gehiago daudela estrukturalki, eta baliteke honek botere asimetria egoera bat azaleratzea, edo emakumeei zuzendutako gaien pertzepzio soziala.

Gaien arabera, esaterako, “sozial” gisa defini daitezkeen gaiak dira emakumeek bultzatzen dituztenak. Lana (% 68), hezkuntza (% 67), kontsumoa (% 65), osasuna (% 61), gizarte ongizatea (% 58), lanbide publikorako sarbidea (% 57). Arartekoak adierazi du arreta ematen duela hekzuntza, ongizate edo osasun gaietan, emakumeek jartzen dituzten kexak seme-alaba, senide edo hirugarren pertsonen izenean direla.

2017an aurkeztu diren kexa gehienak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari lotuta daude, haren erakunde publikoak eta sozietate publikoak barne. Izan ere, 496 kexa aurkeztu dira, hau da, guztien % 53,9 izan dira.

Toki erakundeei eta horien mendeko erakundeei zuzenduta 247 kexa aurkeztu dira, hau da, guztien % 26,8.

Estatuko Administrazioari zuzendutako kexak dira azkenak: 87 izan dira, hots, % 9,4.

Kexak aurkezteko erabilitako baliabideari dagokionez, aurreko urteetan ez bezala, bide nagusia Internet izan da: % 51,2. Bigarrenik, aurrez aurreko kexak daude: % 37,7. Azkenik, posta arruntaren bidez bidalitakoak (% 11).

Kexak aztertu ondoren, 398 ebazpen eman dira, 2016an baino 78 gehiago. Arartekoaren erabakien onarpen-maila % 61,4 da, aurreko ekitaldiaren ildotik; horixe izan zen arbuio gehien erregistratu zituena.

Kontsultei dagokienez, nagusi izan dira gizarte ongizateari buruzkoak; zehatz-mehatz, adingabeen babesari, errenta bermatuari eta desgaitasunari buruzkoak. Hezkuntzaren arloan, kontsultagai izan dira haur eskoletan eta ikastetxeetan sartzeko irizpideak, bekak ukatzea edo ematea, jardunaldi jarraiaren ezarpena eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako arreta.

Osasunari dagokionez, itxarote-zerrendei eta emandako osasun laguntzarekiko desadostasunari buruzko kexak egon dira. Halaber, kopuruaren arabera ordenatuta, hirigintza, ogasuna, kontsumoa, justizia, ingurumena, funtzio publikoa eta herritarren segurtasun arloetako kontsultak erregistratu dira.

Bestalde, herritarren 6 hobekuntza-proposamen jaso dira (dagoeneko 306 dira, ekimen hori orain dela zazpi urte abiarazi zenetik); beken ingurukoak, kirol apustu eta joku makinen erabileraren inugurko kontrolari buruz eta desgaitasunari buruzkoak izan dira.

Amaitzeko, kexa, kontsulta, ofiziozko jarduketa, hobekuntza-proposamen eta txosten berezietatik abiatuta iaz garatu den jarduera osotik ondoriozta daiteke, Nafarroako ararteko Javier Enérizek zehazten duenez, arreta handiagoa eskatzen duten eremuak “gizarte ongizatea, hezkuntza, osasuna eta funtzio publikoa” direla.

Ohartarazi du, zaintzapean, hau da, babesgabetasun egoeran, dauden adingabeak lehen baino gehiago direla, eta horren inguruko hausnarketa bat beharrezkoa dela. Bestalde, hezkuntza gatazka ugariren sortzaile izan da, eta arlo honi egonkortasuna eman beharko litzaiokela adierazi du. Osasungintzan, traumatologia eta errehabilitazioan itxaron zerrendek ez dute aurrera egiten. Gainera, etxebizitza sozialaren alokairua behartsuenei heltzea ezinbestekoa da. Azkenik, funtzio publikoak ere eztabaida asko sortzen du.

Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa Nafarroako Parlamentuaren aginduz herritarren eskubide eta askatasun publikoak errespetatzeaz eta hobetzeaz arduratzen den erakundea da, eta, helburu horri helduta, Nafarroako administrazio publiko guztien jarduna gainbegiratzen du.