nabigazioa salto egin

  1. Hasierara joan
  2. Albisteak
  3. 2007-2011
  4. 2011
  5. Nafarroako Arartekoaren Erakundea, 2. edizioa.

Nafarroako Arartekoaren Erakundea, 2. edizioa.

14 Ekaina 2011 Nafarroako Arartekoa

Nafarroako Arartekoaren erakundeari buruzko liburuaren azala

Erakundeari berari buruzko liburu baten bigarren edizioa argitaratu berri du Nafarroako Arartekoaren erakundeak.

Liburu horren xedea da Nafarroako Arartekoaren erakundeari buruzko zabalkundea egitea hartan interesa izan dezaketen guztien artean, bereziki funtzionarioen eta kargu publikoetan ari direnen artean eta Zuzenbidearen eta haren erakundeen arloko adituen artean, bai eta beti beren zerbitzurako dagoen parlamentu-erakunde bat hurbilagotik ezagutu nahi duten herritarren artean ere.

Ikuspegi juridikotik ez ezik ikuspegi praktiko batetik ere, liburuak jasotzen du Nafarroako Arartekoaren erakundeak izan duen araupetzea, Nafarroako Parlamentuak 2000n sortu zuenetik hasi eta gaur artekoa.

Liburuak 332 orrialde ditu eta lau atal edo kapitulu dauzka. Lana Nafarroako Ararteko Francisco Enériz Olaechea jaunak koordinatu du, eta bera izan da, era berean, azterlaneko lehenengo atalaren egilea.

Lehenengo kapituluan, honakoak biltzen dira: Nafarroako Arartekoak betetzen duen toki instituzionala, erakundearen aurrekariak, haren estatutua, erakundeak orokorrean betetzen duen eginkizuna, jardueraren arlo materiala eta pertsonala, erakundea arautzen duten printzipioak eta Gorte Orokorrek izendatutako Arartekoarekiko eta autonomia erkidegoetako antzeko erakundeekiko harremanen oinarrizko alderdiak.

Bigarren kapituluaren egilea Juan Luis Beltrán Aguirre da. Nafarroako Arartekoak egiten dituen ikerlanak aztertzen ditu bertan. Ikerkelan horiek, jada adierazi dugun bezala, batzuetan ofizioz egiten dira –Arartekoak berak bere kabuz bultzatuta haiek egitea egokitzat jotzen duelako–, eta beste batzuetan herritarren ekimenez egiten dira; azken kasu horretan, herritarren “kexak” dira izapidetzen direnak, eta haiei erantzutea da erakundearen jardueraren zatirik handiena. Parlamentariek eta Parlamentuko beste organo batzuek ere Arartekoari eskatu ahal diote ikerketaren bat egin dezan, baina ekimen horiek urriagoak dira kopuruari begiratuta.

Kapituluak xehetasunez aztertzen du zein diren kexa bat ez onartzea determinatzen duten arrazoiak, eta exhaustibotasunez lantzen ditu kexen izapidetzea oinarritzen duten irizpideak : laburtasuna –hau da, izapidetze motza izatea–, arintasuna, ikuskatutako administrazioarekiko kontraesana, konfidentzialtasuna, ikerketaren isilpea, inpartzialtasuna eta doakotasuna.

Kapitulu honetan, xehetasun guztiekin aztertzen dira ikerketaren garapena, bere fase desberdinetan, nagusiki Administrazioari informazioa eskatzeari dagokionez, eta zenbaitetan sortzen diren arazoak –esate baterako babestutako datuak eta isilpeko dokumentuak eskuratzea–.

Hirugarren kapitulua Carlos Sarasíbar Marco aholkulariak idatzi du, eta Nafarroako Arartekoak eman dituen ebazpenak aztertzen ditu, hau da, behin jarduketa administratiboak ikertu ondoren erakundeak hartu dituen erabakiak. Puntu horretan, ebazpenen izaera, haien edukia eta haien eraginak aztertzen dira. Zehazki, ebazpenak onartzeak ala ez onartzeak ekartzen dituen ondorioak aztertzen dira, bai eta ebazpenak ez onartzeko kasuei aurre egiteko Nafarroako Arartekoak dauzkan tresnak ere.

Laugarren eta azken kapituluak erakundearen antolamendua aztertzen du. Egilea erakundeko idazkiari nagusi Pilar Álvarez Asiáin da.

Kapitulu horretan Arartekoaren ondokoaren figura, Nafarroako Arartekoaren bulegoa eta antolamendu eta funtzionamendu erregelamendua deskribatzen dira. Nafarroako Arartekoaren Bulegoaren zerbitzuko langileei aplikatzekoa zaien araubide juridikoa eta erakundearen baliabide ekonomikoak eta aurrekontukoak aipatzen dira. Kapitulua ixteko, herritarrentzat beti baliagarria den informazio-bulegoari buruzko hurbilketa bat ageri da.

Liburuari amaiera emateko, gaur arte Nafarroako erakunde honi buruz argitaratu den bibliografia aipatzen da. Bibliografia ugaria da erakundearen bizialdi laburrerako, eta horrek erakusten du erakundeak nolako interesa duen juristentzat.

Liburuaren amaieran, Nafarroako Arartekoari buruzko Foru Legearen bilduma bat ere ageri da, bai eta erakundearen antolamendurako eta funtzionamendurako erregelamendua ere.

Edizioari dagokionez, liburua soilik euskarri elektronikoan argitaratu da.