nabigazioa salto egin

  1. Hasierara joan
  2. Albisteak
  3. 2007-2011
  4. 2011
  5. Nafarroako Arartekoak zenbait proposamen egin d...

Nafarroako Arartekoak zenbait proposamen egin ditu etxebizitza errentan hartzeko gazteek baliatzen duten emantzipazioko oinarrizko errentari buruz

07 Iraila 2011 Nafarroako Arartekoa

Nafarroako Ararteko Javier Enérizek Gorte Nagusietako Ararteko María Luisa Cava de Llanorengana jo du, zenbait proposamen helarazteko hogeita hamar urte baino gutxiago dituzten gazteek etxebizitza errentan hartzeko baliatzen duten emantzipazioko oinarrizko errentari buruz.

Gazteen emantzipaziorako oinarrizko errenta arautzen duen azaroaren 2ko 1472/2007 Errege Dekretua onetsi zenetik, erakunde honek zenbait kexa jaso ditu Estatuko arau horren aplikazioari buruz. Arauaren xedea zen gazteei alokairu araubideko etxebizitza baterako sarbidea erraztea.

Zehazki, gehien salatu den kontua izan da laguntzak ordaintzeko garaian gertatzen diren geroratzeak, Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuak horri buruzko eskubidea aitortzeko ebazpena igorri ondoren.

Laguntza horien kudeaketan atzemandako arazoa alde batera utzita, erakunde honetan zalantzan jarri dira prestazio hori eskuratzeko ezarritako baldintza batzuk, bai eta oinarrizko errenta itzultzeko espedienteen tramitazioan gertatutako atzeratzeak, Sustapen Ministerioak, laguntzak jaso eta zenbait urte geroago, eginiko egiaztapen jarduketek sortuak.

Nafarroako Arartekoak komenigarritzat jo du, Gorte Nagusiek izendatutako Arartekoaren erakundearekiko harremana gidatzen duen lankidetza-esparruan, ofizioz bultzatzea, eta irismen handiagoarekin, gai horri buruzko jarduketa bat, zertarako eta, egokitzat jotzen baldin badu, Estatuko Arartekoak kontuan izan ahal ditzan ondoren aipatuko ditugun gogoetak eta iradokizunak, eta, kasua bada, horiek etxebizitzaren arloan eskuduna den Sustapen Ministerioari zuzen diezazkion.

Lehenbizi, Estatuko arauak onuradunari exijitzen dio etxebizitza errentan hartzeko kontratuaren titularra izatea, eta etxebizitza hori ohiko etxebizitza eta etxebizitza iraunkorra izatea [2.a) artikulua]. Aldi berean, aurreikusten du aukera egotea etxebizitza errentamenduan hartzeko kontratuan titular bat baino gehiago egotea. Halakoetan, izan ere, laguntzak jasotzeko eskubidea dutenek jasoko dituzten laguntzen zenbatekoa errege dekretuan aurreikusitako kopurua zati kontratuko titularren guztizko kopurua eragiketa egitearen emaitza izanen da (3.5 artikulua). Hau da, bi kasuetan abiapuntua da pertsona batek edo zenbait pertsonek etxebizitza bat alokatzea, hura bere osotasunean hartuta, eta errentarientzako laguntzak ezartzen dira, betiere baldintza batzuk betetzen badituzte. Babes kasuetatik kanpo geratzen dira dirubide eskasak izan eta etxebizitza baten zati bat erabiltzeko eskubidea alokatzen duten gazteak (gela bat alokatzea, sukaldea, komuna eta abar erabiltzeko eskubidearekin, ohikoa izaten dena), jabea bera ere etxebizitza horretan bizi denean. Enérizen ustez, egoera horretan daudenek ere mereziko lukete ikuspuntu ekonomikotik laguntza jasotzea, zeren eta bide hori baita, ezinbestean, ahalmen ekonomiko oso mugatuak dituzten gazte batzuek emantzipatzeko erabil dezaketen modalitatea. Enérizek iradokitzen du, horrenbestez, azter dadila kontratazio modu hori aintzat hartzeko eta diruz laguntzeko aukera, ezertan kendu gabe laguntzen zenbatekoan modulazio bat egiteko aukera.

Halaber, uste du egoki izan daitekeela oinarrizko errenta jasotzeko aurreikusitako gehieneko dirusarrera gordinen atalasea (urtean 22.000 euro), zeina ez baita aldatu orain dela jada lau urte errege dekretua onetsi zenetik, berrikustea, eta aztertzea ea atalase hori egungo errealitaterako egokia den. Enérizen ustez, “agian, komenigarria litzateke hura handitzea, zeren eta, nahiz eta argi egon oinarrizko errenta baliabide eskasak dituzten gazteei zuzenduta dagoela, baldintza hori betetzen jarrai daiteke ezarritako mugan igoera txiki bat eginez; eta horrekin, bestalde, aldi berean, populazio sektore horretan alokairuen merkatua dinamizatu eginen litzateke”.

Halaber, onuradunen baldintzekin lotutakoari amaiera emateko, arauak kanpo uzten ditu etxebizitza baten titular direnak, salbu eta interesdunari egoztekoak ez diren arrazoiengatik haren erabilera eta gozamena kendu bazaie [2.2.b)]. Kanpo uzte horrek, lehengo begiraldian eta orokorrean arrazoizkoa bada ere, litekeena da, erakunde honen ustez, emaitza bidegabea ekartzea aparteko kasu batzuetan; esate baterako etxebizitza bat anai-arreba gazte batzuena denean, denak titular izaki, edo umezurtzen kasuan, etxebizitza hori oinordetzaren bidetik eskuratu dutenean (esate baterako: gurasoak galdu dituzten eta familiaren etxebizitzan elkarrekin bizi diren lau anai-arreben kasua). Zalantzarik gabe apartekoak diren kasu horietan, ez da zuzenbidezkoa, erakunde honen iritziz, ezarritako gainerako baldintzak beteta, emantzipatzeko oinarrizko errenta eskuratzeko aukeratik kanpo uztea. Hori dela eta, iradokitzen dugu behar den aldaketa egin dadila.

Bestalde, kopuruari eta gozatzeko baldintzei dagokienez (3. artikulua), Nafarroako Arartekoak iradoki du denbora-mugak erreferentzia egitea ezarritako gehieneko adina (hogeita hamar urte) betetzeari, eta laguntzari eustea adin horretara iristen ez den bitartean, laguntza jasotzeko gehieneko eperik aurrez ezarri gabe. Aurreikusitako baldintza guztiak beteta –laburbilduz, gaztea izatea, baliabide eskasak edukitzea eta etxebizitza behar izatea–, komenigarria izan daiteke laguntzari eustea baldintza horiek betetzen diren bitartean, laguntza jasotzeko finkatutako adinarenaz bestelako gehieneko eperik ezarri gabe, ahal den guztian sustatzeko gazteek aukera izan dezatela etxebizitza bat alokairuko araubidean lortzeko.

Emantzipatzeko oinarrizko errenta emateko prozedura izapidetzeari dagokionez (4. artikulua), horren oinarriak honakoak dira: eskubidea aitortzeko egintza –foru administrazioari dagokio– eta exekuzio- edo ordainketa-egintza –zeina kreditu-entitate laguntzaileak gauzatzen baitu Estatuko Administrazioak agindua eman ondoren–. Horrenbestez, bi administrazio publikok eta entitate laguntzaile batek hartzen dute parte prozeduran, eta horren emaitza da, herritarren kexek agerian jarritakoaren arabera, ezen, batzuetan, laguntzak, behin eskubidea aitortzeko egintza emanda, nahi litzatekeena baino mantsoago jasotzen direla, eta haiek geraraztea determinatzen duten gorabeherak edo, are gehiago, itzultzeko eskariak ere, gertatzen direla.

Arazo horri dagokienez –horixe baita gehienetan hauteman duguna– Enérizek bere homologoari honako gogoetak eta iradokizunak helarazi dizkio, balora ditzan, egokitzat jotzen baldin badu:

  1. Komenigarria izan daiteke emantzipatzeko oinarrizko errenta ordaintzeko aginduak emateko eskumena deszentralizatzeko edo autonomia erkidegoen eskuetan uzteko aukera aztertzea. Horretan, Administrazioko bi mailak (estatukoa eta autonomia erkidegoetakoa, edo foru administraziokoa, kasu honetan) parte hartzeak laguntzen kudeaketa atzeratzea eragin dezake eta, azkenean, onuradunek laguntzak beranduago jasotzea ekar dezake. Aurrekoa ulertzen da ezertan kendu gabe ezen, Estatuko Administrazio Zentralaren laguntza ekonomikoa bidezkoa izanik, neurri egokiak jar litezkeela laguntza horiek kudeatzeko autonomia erkidegoekin izenpetutako lankidetza hitzarmenetan.

  2. Halaber, gaur egun ezarritako prozedurari dagokionez, komenigarria litzateke berrikustea eskubidea aitortzeko egintzen komunikazio automatizatua egiteko sistemaren funtzionamendua, arauan laguntza interesdunarentzako jakinarazpenarekin batera ordaintzeari dagokionez ezarritakoa bete dadin; eta egiaztatu beharko litzateke ea hori betetzen ari den, eta, hala ez bada, behar diren neurri zuzentzaileak ezarri beharko lirateke.

  3. Bestalde, gomendagarria izanen litzateke, ordainketa agintzeko egintzari dagokionez, arauetan hura emateko epea berariaz ezartzea (gaur egun, besterik gabe esaten da kreditu-entitateari ordainketa egiteko agindua emanen zaiola, “bidezko diren izapideak egin ondoren”, zehaztasun handiagorik eman gabe). Epe hori kontatu beharko litzateke interesdunari laguntzarako eskubidea aitortzen zaion egintza jakinarazten zaionetik aurrera edo –arauak exijitzen duen aldi berekotasunaren harira beste modu batera esanda– Sustapen Ministerioak egintza horren komunikazioa jasotzen duenetik.

  4. Ordaintzeko agindua emateko epea finkatzeak, segurtasun juridikoa emateaz eta Administrazioari zuzendutako antolaketa-arau bat suposatzeaz gainera –eta administrazio-prozedurari buruzko legedian ezarritako ofiziozko bultzatzea eta arintasuna ere ekartzeaz gainera– lagungarri gerta liteke herritarrei segurtasuna emateko, berandutza interesak jasotzeko balizko eskubideari dagokionez, baldin eta halakorik badago.

  5. Nolanahi ere, komenigarria izan liteke eskubidea aitortzeko egintza guztietan informazioa ematea interesak jasotzeko aukerari buruz, ordainketan aipatutako geroratzeak gertatzen badira eta, kasua bada, informazioa ematea, era berean, aurrekontuei buruzko legeetan gai hori dela-eta exijitzen diren baldintzei buruz. Horrek lagunduko luke, orobat, interesdunek gehiegizko berandutzen aurrean erreakzionatzen eta, aldi berean, Administrazioa bultzatuko luke halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartzera.

Baldintzak kreditatzeari eta espedientean jaso beharreko dokumentazioari dagokienez (5. artikulua), komenigarria litzateke herritarrari kentzea administrazio publikoek lehendik dauzkaten edo egiteko dituzten dokumentu guztiak aurkezteko zama; eta horren ordez, interesdunaren baimen bat ezar liteke, oinarrizko errentarako eskariaren inprimakietan txertatua, organo jarduleek datu horiek bil ditzaten, eta behar diren neurriak ezar litezke datu horiek kasuan kasuko dokumentuak eman behar dituzten edo bildu behar dituzten administrazioen artean eskualdatu ahal izateko.

Azkenik, laguntzaren indarraldian zehar ezarritako baldintzak betetzeari buruzko behar den kontrola ezertan ere kendu gabe, badirudi gomendagarria dela ezen, esparru horretan, non onuradunek egoera ekonomiko txarra baitute, egiaztatze-jarduketak ahal den arintasun handienarekin egin daitezela, lege indardunetan ordainketak exijitzeari begira, betiere ezarritako preskripzio epeak muturreraino eraman gabe. Nafarroako Arartekoaren erakundeak egiaztatu ahal izan du, aurkeztu zaion kexa baten bitartez, ezen, Sustapen Ministerioak aurrera eramandako egiaztatze-jarduketen ondorioz, oker jasotako kopuruak erreklamatu direla baita oinarrizko errenta jaso eta hiru urtetara ere, horrekin batera doazen errekargu eta interesekin, urteko dirusarrera gordinak ñimiñotzat jo daiteken kopuru batez gainditze hutsarengatik. Deskribatutakoa bezalako jarduketek, antolamendu indardunaren aplikazio zorrotza izanik ere, ondorio bidegabe, desproportzionatu eta nahigabekoak ekar ditzakete. Hori dela eta, nire iritziz, esparru horretan, egiaztatze-jarduketak eta, kasua bada, haietatik ondoriozta litezkeen ordainketa espedienteak, laguntzak eman eta ordaintzen direnetik ahal den lasterren izapidetu beharko lirateke, gehiegizko zorren balizko metatzea saihestuz eta kontrol-jarduketak ez-betetze kasu larriagoetara bideratuz.

Nafarroako Arartekoak, orobat, jarduketa hori Sustapen eta Etxebizitza kontseilari Anai Astizi helarazi zion.