nabigazioa salto egin

  1. Hasierara joan
  2. Albisteak
  3. 2007-2011
  4. 2011
  5. Nafarroako Arartekoak zenbait iradokizun egin d...

Nafarroako Arartekoak zenbait iradokizun egin ditu hezkuntzako beketarako deialdiak hobetzeko, eskatzaileen benetako gaitasun ekonomikoari erreparatuta

28 Uztaila 2011 Nafarroako Arartekoa

Nafarroako Arartekoak zenbait iradokizun igorri dizkio Hezkuntza Departamentuari departamentu horren irakaskuntza ertain eta unibertsitarioetarako beken eta laguntzen hurrengo deialdiak hobetze aldera. Iradokizun horien bidez proposatzen da, alde batetik, deialdia eskatzailearen benetako gaitasun ekonomikoaren arabera ebazteko zuzenketa-tresna batzuk sartzea, gaur egun hori distortsionatu ahal dituzten bazterketa-irizpide batzuk ezabatze aldera; bestetik, proposatzen da emaitza akademiko onak lortzeko motibazio elementu batzuk ezar daitezela.

Bekak emateko irizpide berriekin ados ez daudela adierazteko erakunde honetara jo duten elkarte, erakunde eta ikasle batzuek emandako datuen arabera, Hezkuntza Departamentuak onetsitako beken eta laguntzen azken deialdian 7.027 eskatzaile izan ziren; horrek esan nahi du % 4,1eko hazkundea izan dela aurreko ikasturtearekin alderatuta.

Eskatutako beka edo laguntzaren bat eman zitzaien ikasleen kopuruari dagokionez, berriz, 2.985 izan ziren; hau da, aurreko urtean baino 687 ikasle gutxiago. Horrek esan nahi du Hezkuntza Departamentuak 2010/2011 ikasturterako deialdian ezarritako irizpide berrien ondorioz beka galdu duten onuradunen kopuruak % 18,7 egin duela behera.

Irakaskuntza ertain eta unibertsitarioetarako beken deialdi orokorra laster eginen denez, Nafarroako Arartekoak egokitzat jo du gai honi buruz ofizioz jardutea, eta Hezkuntza Departamentuari ondotik datozen iradokizunak egin dizkio, ebaluatu eta azter ditzan.

NAFARROAKO ARARTEKOAREN IRADOKIZUNAK, NAFARROAKO GOBERNUKO HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN IRAKASKUNTZA ERTAIN ETA UNIBERTSITARIOETARAKO BEKEN ETA LAGUNTZEN HURRENGO DEIALDIRAKO.

  1. Familiaren errenta erabilgarria kalkulatzerakoan, aintzat hartzea, familia unitateko kide gisa, harrera iraunkorreko egoeran dauden adingabeak.
  2. Familiaren ondarea kalkulatzeko mugak berraztertzea:

    1. Landa- eta hiri-finketarako balio katastraletarako ezarritako kopuruak igotzea.

    2. Ondare gisa kontuan ez hartzea merkataritza-, industria- edo lanbide-jarduera bati (nekazaritza eta abeltzaintza barne) guztiz atxikita dauden ondasun higiezin edo higigarriak, hirikoak nahiz landakoak izan.

  3. Elkarrekin konpentsatzea familia-ondarearen ondoriozko irizpide baztertzaileak eta negozioen urteko bolumena, halako moduz non, batetik, horiek guztiak ponderatuko baitira interesdunaren benetako gaitasun ekonomikoa baloratzeko eta, bestetik, eskatzaile bakoitzaren errealitatea kontuan hartuko baita.

  4. Kontuan ez hartzea kaleratzeen ondoriozko kalte-ordainengatiko familia-errentak.

  5. Diru-sarreren gutxitze gisa baloratzea ikasleari ustekabean gertatutako inguruabar berriak; esate baterako, umezurtz-pentsioa amaitzea, ezarritako adinera iristeagatik.

  6. Laguntzatik ez deskontatzea matrikularen gutxipenarengatiko laguntza, ikasgai batzuetan “ohorezko matrikula” kalifikazioa lortzearen ondoriozkoa, zeren eta bekek ez baitute matrikularen kostu osoa estaltzen.

  7. Aurreikustea aukera egon dadila lizentziatura bikoitzetarako edo titulu bereki eta arautuetarako bekak emateko, gradu edo lizentziatura batek irauten duten guztian.

  8. Motibazio positiboko irizpideak sartzea, ikasleen aprobetxamendu egokiarengatik, nolanahi ere matrikularen kostuaren muga errespetatuz, eskatzaileak deialdian ezarritako gainerako baldintzak betetzen baldin baditu.

  9. Gradu-titulua lortzera bideratutako irakaskuntzetan, eskatzaileari beka emateko exijitzen zaion matrikula gutxienez ere egun osoko dedikazio akademikoaren araubideko ikasketa-planak gutxienez ere hartzen dituen kreditu-kopuruarengatik izatea, kredituen gutxieneko kopururik ezarri gabe; izan ere, bestela, litekeena da exijitzen den kredituen gutxienekoak ikasketa-planari dagokion kreditu-kopurua gainditzea.