nabigazioa salto egin

  1. Hasierara joan
  2. Albisteak
  3. 2007-2011
  4. 2011
  5. Nafarroako Arartekoak Herrien Defendatzaileak K...

Nafarroako Arartekoak Herrien Defendatzaileak Koordinatzeko XXVI. Jardunaldietan parte hartu du

10 Ekaina 2011 Nafarroako Arartekoa

Herrien Defendatzaileen bilera Cartagenan

Nafarroako Arartekoak ekainaren 6tik 8ra Cartagenan egin diren Herrien Defendatzaileak Koordinatzeko XXVI. Jardunaldietan parte hartu du. Jose Pablo Ruiz Abellanezek, Murtziako Herriaren Defendatzaileak, “Adinekoen eskubideak” lelopean antolatu dituen jardunaldietan Herriaren Defendatzaileaz (jardunean dena) gain, autonomia erkidegoetako defentsa bulegoetako titularrek ere parte hartu dute.

Topaketa horretan zehar, adinekoen egoera aztertu egin da ikuspuntu sozio-ekonomikoa eta sozio-sanitarioa aintzat hartuta eta mendekotasunaren legearen aplikazioarekin duten erlazioari dagokionez.

Bertan atera diren ondorioen artean, behar bat agerian jarri da, gaur egungo krisi ekonomikoa bezalako testuinguruetan bereziki nabarmena dena: botere publikoek nahikotasun ekonomikoaren bermeari erantzuteko beharra. Izan ere, GELEren datuak kontuan hartuta, 65 urte baino gehiago dituzten espainolen % 25 pobreziaren mugaren azpian dago. Puntu horretan, autonomia erkidegoko gizarte zerbitzuen sistemak, estatuak ezarritako oinarrizko laguntza mailaren osagarri gisa, garrantzi berezia dauka.

Bestalde, etxebizitzak desegokiak izatea, bai tamainari dagokionez, bai oztopo arkitektonikoei dagokienez, edo etxebizitzatik ateratzeko ezintasuna igogailurik ez dagoelako edo garraioa mugatuta dagoelako, gai errepikariak dira eta administrazioek nahitaez esku hartu behar dute.

Euren etxebizitzetan bizi ezin diren edo bertan bizi nahi ez duten pertsonentzat, sistemak laguntzeko baliabideen sare nahikoa eduki behar du: behin betiko edo behin-behineko egoitzak, eguneko zein gaueko zentroak, etab. Horrez gain, beste autonomia erkidegoekin ere koordinatuta egon behar du.; horrela, adinekoak familia beste eskualde batean daukanean lurraldeen arteko lekualdatzea posible izango da.

Ondorio gisa, Herriaren Defendatzaileek botere publikoei jarduteko proposamen hauen berri ematea erabaki dute:

  • Espainiako populazioaren bizi-itxaropena handitu denez, prebentzioa, onuragarriak diren ohiturak garaiz sustatzea eta zahartze aktiboa bultzatzea zahartzaro osasuntsu bat izateko elementurik onenak bilakatu dira. Zentzu horretan, mendekotasunaren aurka prebentzioa bultzatzea ere garrantzitsua da . Hori mendekotasun egoeran dauden edo egoteko arriskua duten adinekoei zuzendutako SAAD sistemaren bitartez egin daiteke.
  • Araudiaren ikuspuntutik, “Adinekoen eskubideen eta betebeharren gutunak”, “Adinekoen planak” eta dagozkion “Gizarte zerbitzuen zorro autonomikoak” eratzea eta onartzea presakoa da.
  • Nazioko lurralde osoan kalitatezko arreta bermatze aldera, lurralde autonomiko bakoitzaren arteko koordinazioa bideratu behar da, beste jarduera batzuen artean, istorio kliniko integratuaren ezarpen elektronikoaren bidez. Halaber, Autonomiarako eta Mendekotasunarentzako Arretarako Sistemaren Lurralde Batzordearen esku-hartze bateratzailearen beharra antzeman da, zerbitzua eta prestazioak aitortzeko epeen betetzeari, zerbitzuen arteko bateragarritasunari, atzeraeraginaren araubideari eta hil diren pertsonen espedienteen tratamenduari dagokionez irizpide komunak ezartzeko.
  • Politika publikoetan adinaren ikuspuntua gaineratzeko asmoz, Arloko Kontseilu autonomikoen eta lokalen sorrera sustatzea beharrezkoa da, erakunde publikoetan adinekoen lan parte-hartzailea eta asoziazionismoa bultzatuz.
  • Esparru sozio-sanitarioa sortzea ezinbestekoa den tresna bilakatu da osasun sistemaren eta gizarte zerbitzuen arteko jarraitutasuna bermatze aldera. Horretarako, eremu sanitarioen eta eremu sozialen arteko bereizketa tradizionala gainditzen duten mapa sozio-sanitarioak sortzea proposatu da, bai eta istorio kliniko integratuaren edukiak homogeneizatzea, geriatria-balorazio integralak egitea eta zerbitzu espezializatuen eta lehen mailako arretaren arteko lotura ezartzea ere.
  • Osasun sisteman eta gizarte zerbitzuetan dauden geriatria eta gerontologia baliabideak sustatzea beharrezkoa da, bereziki langile espezializatuen kopuruari eta hautapenari dagokienez.
  • Adinekoek pairatzen dituzten tratu txarrei dagokienez, bai fisikoak, bai psikologikoak, bai ekonomikoak, hori gelditzeko programa zehatzak eta biktimei konponbide azkarrak eta eraginkorrak ematen dieten jarduera protokoloak ezarri behar dira.

Farmaziako gastuari dagokionez, sendagaien zentzuzko erabilera bultzatzen duten osasun arloko hezkuntza eta parte-hartze politikak sustatu behar dira.