nabigazioa salto egin

  1. Hasierara joan
  2. Albisteak
  3. 2007-2011
  4. 2007
  5. Arartekoak sortu du laguntzen ez duten administ...

Arartekoak sortu du laguntzen ez duten administrazio eta erakundeen erregistroa

14 Azaroa 2007 Iruña

Nafarroako Arartekoa den Javier Enériz Olaechea jaunak erakundeari laguntzen ez dioten administrazio eta erakundeen erregistroa sortu du.

2008ko urtarrilaren 1ean hasita, egiten diren ikerketa eta ikuskapenetan Arartekoak eskatutako informazioa igortzen ez duten administrazio eta erakundeen gaineko informazioa jasoko du Erregistroak.

Halaber, Arartekoak igorritako ohar, gomendio, legezko betebeharren gogorarazpen eta iradokizunei erantzuten ez dieten administrazio eta erakundeak sartuko dira erregistroan, baita, erakundearen adierazpena onartzen ez duten horiek ere, behar diren arrazoiak ematen ez badituzte behintzat.

Eskatutako informazio igortzeari administrazio publikoek uko egitea kontrako jarreratzat edo Arartekoaren funtzioak eragozte jardueratzat hartu ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren gaineko Foru Legeak xedatutakoari jarraiki.

Era berean, Arartekoaren erakundeak berdin kontsideratuko ditu bai emandako gomendioak betetzeko neurriak ez justifikatzea, baita administrazio publikoek hartutako neurriak aski ez izatea ere. Egindako ukoa, zuribide eza edo aski ez izatea berehala argitara emateaz gainera, Nafarroako Parlamentura igorriko dio aipatutako kalifikazioa, urteroko txostenean ager dadin.

Ekimen honek bi helburu ditu: alde batetik, herritarrek erakundearen jardueraren gaineko informazioa eskuragarriago izatea, eta, bestalde, zenbait administraziok eta erakundek arartekoaren jarduerari batzuetan jartzen dizkioten oztopoak ezagutaraztea.

Erregistroak ez du erakundera jotzen duten herritarren identitatearen gaineko daturik emanen. Bestalde, aldioro informazio eguneratua eskainiko du ondoko web orrian: http://www.defensornavarra.com.