nabigazioa salto egin

  1. Hasierara joan
  2. Albisteak
  3. 2007-2011
  4. 2007
  5. Gizarte Zerbitzuen Zerrendaren oinarrizko dokum...

Gizarte Zerbitzuen Zerrendaren oinarrizko dokumenturako zenbait iradokizun proposatu ditu arartekoak

02 Urria 2007 Iruña

Nafarroako ararteko Francisco Javier Enériz Olaecheak zenbait iradokizun egin dizkio Gizarte afera, Familia, Gazteria eta Kirol Departamentuak kontuan izan dezan aurkeztu dion Gizarte Zerbitzuen Zerrendaren oinarrizko dokumentuari.

Arartekoaren iritziz, alor nagusiko Gizarte Zerbitzuen Zerrenda Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Sistemaren funtsezko tresna edo oinarrietako bat da. Honenbestez, departamentu horrek Nafarroarako alor nagusiko Gizarte Zerbitzuen Zerrenda azkar egiteko, onartzeko eta promulgatzeko hartu duen ekimenaz pozten da. Hartara, aipatutako foru legean ageri den agindua agudoki beteko baitu.

Oro har, oinarrizko dokumentu hori bete-betean egokitzen zaio foru legean postulatu gisa proposatutakoari, bai egiturari eta bai edukiei dagokienez ere. Gainera, ikuspegi zuhur eta errealista batetik, Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Sistemak bermatu eta ez bermatu izaerarekin emango dituen zerbitzuak zehaztean eta erabakitzean handinahia eta oparoa dela ulertzen du. Edonola ere, bete-betean eraginkorra izateko, giza baliabideez eta baliabide ekonomikoez sistematikoki hornitzea eskatuko dio Nafarroako Gobernuari, eta hori kontuan hartzeko deia egiten du.

Gizarte Zerbitzuen Zerrenda horren edukiekin lotuta, honako iradokizun hauek egin ditu:

Adin nagusikoen arreta

Oinarrizko dokumentu horretan adin nagusikoen arreta "Mendekotasun egoeran direnei arreta egitea" atalaren barnean sartzea erabaki dute. Arartekoaren ustez, ordea, adin nagusikoen talde garrantzitsuak -eta etorkizunean are garrantzitsuagoa izango da: %20 izatetik %30 izatera heltzeko pausoak erraldoiak dira- bere horretan hartzea merezi du, adin nagusikoen mendekotasun benetako egoera dagoen edo ez dagoen alde batera utzita. Izan ere, adin nagusiko guztiak ez daude benetako eta modu formalean adierazitako mendekotasun egoeran; beren baldintzengatik eta ahuldadeagatik, ordea, adin nagusiko guztiek, modu batera edo bestera eta neurri handiago edo txikiago batean, gizartearen laguntza behar dute, eta, hortaz, gizarte zerbitzu publikoen laguntza. Adin nagusikoei arreta egiteko politika egoki batek osasun zerbitzuekin koordinazio estua izatea eskatzen du, arreta egokia izan dadin nahitaez berekin baitakar geriatria arreta, hau da, gizarte-osasun arreta. Eta alderdi hori ez dago kontuan harturik oinarrizko dokumentuan.

Bermatutako zerbitzuen eraginkortasuna edo ez

Oinarrizko dokumentuak ohartarazten duenez, progresiboki ezarriko diren eta zerbitzu jakina sortzearen, zentroa eraikitzearen edo beharrezkoak diren profesionalen arteko zerbitzuak eta taldeak konfiguratzearen aukerak baldintzatuko dituen bermatutako zerbitzuak egongo dira. Eta eskaintzarik ez dagoen bitartean, hau da, diru laguntzarako eskubide subjektiboari erantzuteko baliabide nahikorik ez dagoen bitartean, zerbitzuaren gozamenari lotutako diru laguntzak izango dira, dokumentuak zehazten duenez, nahiz eta ez diren biltzen diru laguntza bakoitzaren fitxetan biltzen, ez direlako sistema publikoaren laguntzak berez.

Arartekoak ulertzen du planteamendua guztiz logikoa izanik, legezko segurtasun irizpideek eta titularrak bermatutako zerbitzua jasotzeko eskubidea duela jakiteko eta ziur jakiteko irizpideek gomendatzen dute, gutxienez, Gizarte Zerbitzuen Zerrenda arautzen duen Foru Dekretuaren xedapen gehigarri batean ager eta arautu dadila zerbitzu teknikoa edo materiala diru ekarpen baliokide batek ordezkatzeko behin-behineko konponbide hau.

Bermatutako zerbitzuetara heltzeko baldintzei buruz

Kontuan hartzen den zerbitzu bakoitzera heldu ahal izateko baldintzak zehazteari heltzen dio oinarrizko dokumentuak. Baina zerbitzuz zerbitzu egiten du. Eta alde horretatik, arartekoak uste du komenigarria litzatekeela dokumentuari atal bat gehitzea, orain arautzen diren edo etorkizunean arautu ahal diren zerbitzuak jasotzeko eskubidearen titular izateko oinarrizko irizpideak eta irizpide nagusiak zehazteko. Irizpide horiek, besteak beste, honako hauek izaten ahal dira: herritartasuna, Foru Komunitateko biztanle izatea, bizilekua, erroldatze edo bizileku eraginkorrerako gutxieneko denbora, hipotesi jakin batzuetan baldintza horien salbuespen izateko irizpideak, esate baterako, larrialdi pertsonala, presako beharra, behartasun egoera...

Beste alde batetik, ohartarazten du sarritan baldintza erabakitzea zerbitzuaren, dagokion unitatearen edo erantzukizuna duten langileen balorazio baten mende dagoela. Eta ondorioz, praktikan, eskubidea onartzea funtzionarioaren irizpide gutxi gorabehera subjektiboaren zoriaren mende gelditzen da. Hori dela eta, ahalegin bat egiteko eskatzen du, ahal den neurrian, neur daitezkeen irizpideak sartzeko, hala nola ekonomia egoeraren gaineko baremoak, premiak neurtzeko proba objektiboak, medikuen, psikologoen, gizarte langileen txostenak...

Zerbitzuak gauzatzeko epea

Kasu askotan dena delako zerbitzua emateko epea dagokion fitxan ageri da eta sei hilabetekoa da. Nafarroako arartekoaren iritziz, denbora luzeegia da, eta gaizki ezkontzen da gizarte laguntzak gauzatu behar diren kasu gehienen larritasunarekin. Laguntza teknikoa, materiala edo ekonomikoa laster eman behar da; gainerakoan, askotan beranduegi izaten baita edo eraginkortasuna galtzen baitu. Hori dela eta, epea hiru hilabetera murrizteko iradoki da.

Elkarrekin ordaintzeari dagokionez

Oinarrizko dokumentuak biltzen dituen bermatutako zerbitzu askotarako elkarrekin ordaintzea ezartzen da, hau da, zerbitzuaren erabiltzaileak edo hartzaileak ere ordaintzea zerbitzua. Baina ez da ezer gehiago gehitzen. Bakarrik zehazten da fitxa bakoitzean zerbitzuak elkarrekin ordaintzea ekarriko duela.

Gizarte Zerbitzuen Foru Legearen 52. artikuluak dioenarekin koherentziaz jokatzeko, arartekoak uste du komenigarria dela gizarte zerbitzuen zerrendak elkarrekin ordaindu beharreko kopurua erabakitzeko irizpideak mugatzea eta zehaztea, eta bere kasuan, erabiltzailearen ekonomia gaitasun minimoa edo baliogabea dela eta, ekarpen ekonomiko horren salbuespenak. Unibertsaltasun printzipioak -herritar guztiak gizarte zerbitzuetara heltzea bermatzen du, berdintasun, zuzentasun eta birbanatze zuzenbidearen irizpideei jarraituz- eta zerbitzua bera eskubide subjektibo moduan ulertzeak hori eskatzen dute; gainerakoan, eskubide subjektiboa soilki irudipenezko den zerbait bihurtzeko arriskua baitago.

Gizarte integrazioko etxebizitzetara heltzeko laguntzari buruz

"Ez bermatu" gisa sailkatutako diru laguntza bat da. Dena den, arartekoaren iritziz sistemaren oinarrizko zerbitzuen barnean sar daiteke, horren eraginkortasuna deserrotzea eta gizarte bazterketako egoera bertan behera uzteko nahiko nabarmena izan daitekeela uste baitu.

Oinarrizko soldata

Diru laguntza hau lortu ahal izateko baldintzen artean ezarrita dago eskatu aurreko bi urteetan Nafarroan eraginkorki bizi izan dela ziurtatu behar izatea. Arartekoak uste du agian luzeegia izango dela epe hori eta, premia larriko egoeran egon ez arren, egiazki zerbitzua behar duten pertsonei horretara ez heltzea ekar diezaiekeela.

Zerbitzuen kalitateari buruz

Gizarte zerbitzuen zerrenden helburua hartzen dituzten zerbitzu teknikoen kalitate eta fidagarritasun mailak bermatzea da. Gizarte Zerbitzuen Foru Legeak berak VIII. kapitulua kalitateari eskaintzen dio. Hain zuzen, kapitulu horretan Nafarroako Gobernuari agintzen zaio kalitate plan batzuk egin ditzala; lortu beharreko kalitatea eta oro har eta arloka hobetzeko tresnak eta sistemak zehazten dituzten kalitate planak.

Oinarrizko dokumentuak ez dio heltzen zerbitzuen kalitatearen alderdi garrantzitsu honi. Arartekoaren iritziz, komenigarria da gizarte zerbitzuen zerrendaren azken testuak zerbitzuen kalitatearen erronka garrantzitsuari aurre egitea, beharrezkoak diren arauak, erabakiak eta adierazleak hartuz eta arautuz.