nabigazioa salto egin

  1. Hasierara joan
  2. Albisteak
  3. 2007-2011
  4. 2007
  5. Etxebizitza kontseilaria eta Nafarroako arartek...

Etxebizitza kontseilaria eta Nafarroako arartekoa bat datoz babes ofizialeko etxebizitzetarako lur berrien kopurua handitu behar dela adieraztean

  • Era berean, bat etorri dira alokatze politika berria bultzatu behar dela esatean, batez ere, erosteko ahalmen txikia duten gizarte esparruetarako eta zenbait taldetarako.

18 Iraila 2007 Iruña

Etxebizitza eta Lurralde Antolamendu kontseilari Carlos Esparzak eta Nafarroako ararteko Javier Enérizek erakunde bilera egin dute gaur goizean. Hain zuzen ere, etxebizitzarekin, hirigintzarekin eta lurralde antolamenduarekin lotutako zenbait gairi buruz hitz egin dute.

Bileran, bi horiez gain, etxebizitza zuzendari nagusi Jesús Javier Ascuncek eta kabineteko buru Amaia Madinabeitiak parte hartu dute.

Egun hauetan kontseilariak jakinarazi dituen zenbait ekimenekin bat datorrela adierazi dio arartekoak. Hain zuzen, onartzen diren plangintza berrietan eta etxebizitzetarako erabilera kolektiboa aurreikusten dutenetan babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko lur kopurua handitzearekin ados dagoela adierazi dio. Egun Nafarroan indarrean dagoen legediaren arabera, etxebizitza horietarako lurren %50 gordetzen da. Etxebizitza Departamentuak, ordea, kopuru hori %70era igotzea aurreikusten du. "Nafar gehienok babes ofizialeko etxebizitza bat lortu dugu eta ehuneko edo kopuru hori handitzeak etorkizunean hala egiten jarrai dezagun bermatzen du".

Gaineratu dutenez, beharrezkoa da etxebizitzetan alokairuan bizi ahal izateko politika berria bultzatzea. Hain zuzen, diruari dagokionez, gutxien mesedetutako taldeei, beste
bizimodu bati ekin behar diotenei -banandutakoak, dibortziatutakoak edo alargunak- eta guraso bakarreko familiei seme-alabak dituzten ezkongabeak- bideratuta legoke politika berri hori. "Beste toki batzuetan denbora asko daramate horrelakoak egiten eta haiengandik ikasi behar dugu. Esate baterako, Vienan, etxebizitza gehienak alokairukoak dira eta ordaindu beharrekoa 300 euro inguru izaten da", adierazi du horren harira arartekoak.

Herritarrek egiten dizkioten kexak eta kontsultak abiapuntu hartuta, iradokizun batzuk egin dizkio arartekoak kontseilariari:

Babes ofizialeko etxebizitzek sailkapen hori beti edo, gutxienez, 30 urtean izan behar dute; hartara, modu horretan erosi eta gero etxebizitza libre gisa erosi nahi dutenek espekulatzea saihesteko.

Etxebizitza kontua izateagatik egiten diren zerga kenketak bakarrik babes ofizialeko etxebizitza lortzen dutenei eta zerga oinarria kopuru jakin bat baino txikiagoa dutenei egitea, adibidez, lanbideen arteko gutxieneko soldata 3,5 aldiz edo arrazoizkotzat jotzen den beste edozein kopuru.

Lur ondare publikoa ez izatea bakarrik Iruña ingurukoa, hor egiten baitira gauzak. Iruñetik gertu dauden tamaina ertaineko udalerrietan ere bultzatzea horrelako ekimenak, besteak beste, Irurtzunen, Garesen, Agoitzen...

Iruñerrian jardutea babes ofizialeko etxebizitzetarako erabiltzeko lur erreserbak eduki ahal izateko. Horretarako kontuan izan behar da nahitaezko erosketak egiteko aukera Lurraren Legeak ezartzen dituen balioeste berriekin edo kalte-ordainen irizpide bidezkoagoak erabiltzea, baina, nolanahi ere, beharrezkoa denean urbanizatzeko eta eraikitzeko lursailen poltsa berriak sortzeari uko egin gabe.

Etxebizitzaren Foru Legearen baremoa berrikustea, etengabeko erroldatzea dela eta, eskakizun horrekin sortutako zenbait arazo ekiditeko. Izan ere, ikastera edo lanera atzerrira edo Espainiako beste eskualde batzuetara alde egiten duten gazteei kalte egiten baitie horrek.

"Kontseilaria eta bere taldea irekirik, prest, daudela iruditu zait, baina gizartearekiko duen sentiberatasuna gertatu zait deigarriena. Nabaritzen zaio Gizarte Ongizateko zuzendari nagusi izan dela eta badakiela nori zuzendu behar duen bultzatu nahi duen etxebizitzako gizarte politikak", esan du amaitzeko arartekoak.

Hirigintzarekin eta lurralde antolamenduarekin zerikusia duten beste gai batzuk ere landu dituzte. Besteak beste, plangintzarako prozedurak eta lanak egiteko baimenak ematea soiltzeko eta arintzeko premia, eta lurraldearen oreka antolamendu planen bidez bultzatzea -hain zuzen ere, zonalde bakoitzeko oinarrizko komunitate ekipamenduak sustatuta- edo Nafarroaren iparraldean jardutea modu berezian zahartzea eta jendez hustea atzeratzeko aztertu dute.